Arnaldo Otegi aske utz dezaten eskatzeko plataforma sortu dute Elgoibarko herritarrek
GARA | BILBO
Elgoibarko bizilagun talde batek Arnaldo Otegiren askatasuna eskatzeko herri plataforma sortu dute. Politika askatu, Arnaldo askatu izena eman diote ekimenari eta joan den larunbatean aurkeztu zuten Elgoibarko plazan. «Adin, sektore eta pentsamolde askotako» Elgoibarko herritarrek osatu dute plataforma eta, nabarmendu zutenez, egitasmoa aurrera ateratzen lagundu dutenek ez dute inolako elkarte, alderdi edo erakunderik ordezkatzen.
Ekimenaren helburua Otegiren askatasuna eskatzea da eta aldi berean beren senideei hurbiltasuna adieraztea. «Ez da samurra etxeko bat espetxean izatea, are gutxiago, inongo justifikaziorik gabe edo itsukeriaren eta estrategia kalkulatuaren ondorioz denean», salatu zuten.
Euskal Herrian azken hilabeteetan gertatu diren mugimenduak Otegiren lanari esker ere gertatu direla gogo- rarazi zuten. Altsasuko eta Bruselako adierazpenak edo alderdi abertzaleen arteko harremanetan ezker abertzaleko bozeramaileak egin duen lana «funtsezkoa» izan dela esan zuten eta «etorkizunean eman beharreko pausoetan» parte har dezan libre utz dezatela eskatu zuten.
Ezker abertzaleko buruzagia iragan urriaren 16tik dago kartzelan. Donostian atxilotu zuten, LABen egoitzan, Baltasar Garzon epailearen aginduz, beste hainbat ordezkari independentistekin batera. Maiatzaren hasieratik Logroñoko espetxean dago.
Aurrez aurrekoa galdu
Bestalde, Estanis Lopez Agiriano euskal preso politikoaren guraso eta anaia-arrebei aurrez aurreko bisita eragotzi zieten Castelloko espetxean joan den maiatzaren 13an. Amnistiaren aldeko mugimenduak salatu zuenez, «aitzakia hutsa» dira espetxezainek emandako arrazoiak Lopezen senideek kartzelara bisita ordurako iritsi zirela ziurtatu baitute.
Senideek bidalitako oharrean azaltzen dutenez, aurrez aurrekoa ostiralean zuten, arratsaldeko lauretan, eta «ohi bezala, sarrerako atean ziren 15.35ean karneta eta bisita konfirmatzeko».
Dirudienez, jendea zegoen zain eta sarrera nagusiko funtzionarioek «izugarrizko iskanbila» Lopez Agirianoren aurretik zegoen ijito familia batekin, eta denborak aurrera egin eta ez zizkieten nortasun agiriak hartu. «Halako batean, funtzionarioak oso haserre eta builaka aurretik zeuden familia horiei esan zieten ez zirela aurrez aurrekora sartuko eta gero gure txanda iritsi zenean, karnetak hartu ere egin gabe, `ustedes tampoco' esan ziguten ozen», azaldu dute senitartekoek.
Berandu iritsi zirela esan zieten funtzionarioek, baina senideek honakoa ziurtatu dute: «15.35erako ilaran ginen, baina eztabaidak 15.50 arte iraun zuenez, guk eta ondorengo senide guztiek vis-a galdu genuen».
Estanis Lopezen senideek gertaeren irakurketa egin dute eta, euren ustez, preso politikoaren ama eta aita miatzeko agindua zuten fun- tzionarioek eta kanpoko iskanbila aprobetxatu zuten hori saihesteko, «jakina baita Castelloko funtzionarioen artean Rubalcabaren agindu hori ez dutela oso gustuko». Ildo horretan, gertaera salatu dute: «Senideok jazarpena salatu beharra daukagu eta horrelaxe egingo dugu dagokion tokian».