GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Nazabal eta Larretxea izan dira ligaxkako onenak

Etxarrikoak Juanjo Lopezen aurka neurtu beharko du finalerdietan, eta Arantzakoak, berriz, Anjel Arrospide izango du aurrez aurre. 23 urtez azpikoetan, Mugertza II.ak finala jokatzeko txartela lortu du dagoeneko.

p039_f0125093.jpg

Jon LEUNDA

Nazabalek Lopezen aurka jokatuko du Urrezko Aizkorako finalerdietako bat, eta bestea, berriz, Arrospidek eta Larretxeak jokatuko dute, asteburuan jokatu den final-laurdenetako ligaxkako azken saioko emaitzek horixe agindu baitute.

Nazabalek aise menderatu zuen Arrospide bien arteko neurketan. Leaburukoak, zutikako enborrean bakarrik lortu zuen garaipena, gainerako guztietan gailendu baitzen Etxarriko aizkolaria. Lan guztiak burutzeko, 16 minutu eta 8 segundo behar izan zituen, eta 18 minutu eta 4 segundo Arrospidek.

Donato Larretxeak ere mendean hartu zuen Lopez, baina lan dezente egin behar izan zuen, eta iraupen proban erabaki zuen. Lezaungoak proba bat baino gehiago irabazi zituen, baina gero ezin izan zuen. Larretxeak 14 minutu eta 18 segundotan amaitu zituen lanak, eta 14 minutu eta 55 segundotan, berriz, Lopezek.

23 urtez azpikoetan, berriz, Mugertza II.ak lortu zuen finalerako txartela. Larunbatean final-laurdenetan Olano kanporatu zuen, eta igandean, finalerdietan, Irazabal. Beste finalerdia, Saralegik eta Larretxeak jokatuko dute. Leitzakoak kañamares kanporatu zuen, eta Berakoak, Mugertza III.a. 18 urtez azpikoei dagokienez, Eneko Saralegi finalean dago jada, jokatutako saio guztiak irabazi baititu. Oraingoan, Usia, Otaño eta Lopez geratu ziren bere atzetik.

Gipuzkoakoa eta omenaldia

Mugertza I.ak irabazi zuen Gipuzkoako Bigarren Mailako lehen kanporaketa, eta berarekin batera Ugarteburu eta Telletxea sailkatu ziren finalera. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituen. Bigarren kanporaketa Urnietan jokatuko da maiatzaren 30ean.

Sailkapena honela geratu zen: Lehenengo Mugertza I.a (10.06); bigarren, Ugarteburu (10.34); hirugarren, Telletxea (11.14); laugarren, Belauntzaran (11.36); bosgarren, Dorronsoro (11.51); seigarren, Mugertza III.a (12.00); zazpigarren, Esnaola (13.00); eta azken lekuan, berriz, Alkizalete I.a, (14.42). Finala, berriz ,azkeneko urteetan jokatu den bezalaxe, Mendaroko pilotalekuan jokatuko da uztailaren 26an, hain zuzen.

Ekainaren 6an Paskualtxori omenaldia eskainiko diote Zizurkilen eta gero bazkaria izango da. Bazkaltzeko txartelak salgai daude. Helduek 35 euro ordaindu beharko dute eta 14 urtetik beherakoek 14 euro. Azpeitian Mendizabal jatetxean, Tolosan Kantabriko tabernan, Zizurkilen Iriarte tabernan, Aian Joanene tabernan eta Asteasun Iturriondo tabernan daude txartelak salgai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo