GARA > Idatzia > Kultura

HERIOTZA-OHARRA | HANK JONES

Jazz piano-jotzaileetako azken izen mitikoa

Maddalen LARRINAGA |

Hank Jones jazz piano-jotzaile estatubatuarra igandean hil zen 91 urte zituela. Joan den martxoaz geroztik, minbiziak jota zegoen arren, ez zen hori izan heriotzaren arrazoi nagusia.

Jones musikari ugariko familia batetik zetorren. Bere anaia Elvin Jones, esaterako, John Coltrane eta bere anaia Thad Jones-en bateria-jotzailea izan zen. Bere ibilbidean zehar jazz munduko handienekin aritu zen agertokian; hala nola Charlie Parker, Lester Young, Ella Fitzgerald, Louis Armstrong eta Frank Sinatrarekin.

15 urte zituela hartu zuen sona Detroiteko jazz klubetan. Eta geroztik ez zuen mundu hura utzi. Baina 87 urterekin erretiroa hartzeko asmotan ibili zen arren, azken unera arte jarraitu zuen lanean. Iaz Donostiako Jazzaldian izan genuen pianoa jotzen, Victoria Eugenia antzokian bi zuzenekotan. Batean, Willie Jones III eta George Mraz-ekin hirukotean. Bestean, Joe Lovano saxofoi-jotzailearekin -«Kids» izeneko zuzeneko disko ederra dute elkarrekin emana-. Managerrak oholtzara igotzeko arrapala jar zezatela erregutu omen zion antolakuntzari orduan, antza denez, Jonesek hankak indarge zituen-eta. Ez, ordea, eskuak, piano joaldi ikusgarrian agertu zuenez.

Sentsibilitate eta teknikaren uztarketa bereziari esker, balada bati fintasuna ematetik erritmo biziko inprobisazio batera pasatzeko gai diren piano-jotzaile gutxi horietako bat zen Jones.

«Minutu bakoitzari egin behar zaio erronka, hori da inprobisaziorako funtsezkoa den lasaitasuna lortzeko ordaindu beharreko prezioa», azaldu zuen musikariak elkarrizketa batean. Bere burua jazz munduko erraldoitzat jotzen al zuen galdetu ziotenean ezetz erantzun zuen; «Ez, ipotx ikastun bat naiz agian».

64 disko atera zituen, lehenengoa 1989an eta azkena 2009an. Aldi berean maisu-eskolak ere eman zituen Harvard eta New York-eko unibertsitateetan. Eskaini zituen kontzertu ugarien artean, Marilyn Monroek John F. Kennedy presidenteari abestu zion ospakizunean ere hartu zuen parte Jonesek.

Urte hauetan guztietan sari eta titulu ugari jaso ditu. Horien artean, The International Jazz Hall of Fame eta Grammy sarietarako hautagaitza. Gurean, 1996. urteko Donostiako Jazzaldia Saria.

Artistaren webgunean agertzen denez, Jonesek bere bizitza osoa jazz musikari ohore eginez bizi izan zuen eta benetako jazzeko maisutzat jotzen dute mundu osoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo