GARA > Idatzia > Kultura

Las Felliniren distirak ilunpea utzi eta Kale Nagusia itsutuko du

Ezaguna da Las Fellini trabesti taldea Bilbon, gaueko kabaret giroan. 15 urtez ikuskizun garratz eta zoroak hiriko zulo ilunetan eskaini ostean, «Si Fellini levantara la cabeza» antzezlana estreinatuko dute bihar BBK aretoan, inoiz aurkeztu duten ikuskizun handiena.

p042_f01_097x164.jpg

A. BILBAO | BILBO

2099 urtetik gaur egunera atzerantz salto egin, eta oihu zein ke artean Yogurinha Borova, Nenita Danger eta Caprichossi oholtza gainean agertu zaizkigu -Nagore Gore falta dute-, zilarrezko body eta ileorde koloretsuak jantzita, eta takoi luzeen gainean.

Las Fellini taldeak atzo egindako agerpenaz mintzo gara. Egunotan entseguetan murgilduta baitabiltza jo eta su, bihar «Si Fellini levantara la cabeza» antzezlanaren estreinaldi mundiala emateko, BBK-k Kale Nagusian atondu berri duen aretoan.

«Si Fellini levantara la cabeza» Arriaga antzokiaren ekoizpena da, Las Fellinik talde zabal baten lankidetzarekin taularatuko duena. Besteak beste, zuzendari lanak Yolanda Martinezek egin ditu, jantziak Felix Daniel hiriko DJ ezagunak, eta «Sigo Viva» kantua Chico y Chica taldeak -espresuki antzezlanerako sortua-. Gainera, laguntzaile gisa Gurutze Beitia, Loli Astoreka, Terremoto de Alcorcon eta beste asko ere izango ditu Las Fellinik.

Emakumez janzten den mutil talde ezaguna da Las Fellini, Bilbon orain hamabost urte sortua. Egun Caprichossi (Jaime Seoane), Nagore Gore (Oskar Delgado) eta Nenita Danger (Kepa Olarreta) hirukoteak osatzen du -joan-etorri ugari izan dituzte-, eta azken urteotan Bilbo Zaharreko Badulake aretoan ikuskizun garratza eman dute ostegunero. Orain, «inoiz izan dugun erronkarik handiena» oholtzara eramateko, hirukoteari Yogurinha Borova taldekide ohia gehitu zaio, eta laukotean osatu dute antzezlanaren gidoia.

Freskotasuna

Yolanda Martinez du lanak zuzendari. «Las Fellini aspalditik ezagutzen ditut, eta elkarrekin lan egindakoak ginen lehen ere» aitortu zigun atzoko solasean. «Sekulako eskola dute, ostegunero-ostegunero ikuskizuna eskaini ohi dutelako». Aipatu eszenaratzeetan baina, «inprobisazioa dute ardatz», eta honakoan gidoi bati lotuak dira. Eta, akaso, hori dute zailtasun nagusia, gidoi bati lotua egonda ere, «freskotasuna mantentzea, antzezkizuna egunero berriztuko balitz legez». Horretarako, Kepa Olarretak eta Nenita Dangerrek aitortu zigutenez, «bakoitza urteetan zehar bere pertsonaiari eman dion garapena naturaltasunez agertzen saiatuko da. Publikoa -sorpresaz beteriko parte hartze txikia izango du- bihotzarekin irabaziko dugu».

Behin Bilbon lana antzeztuta, taldeak badu biratxo bat osatu eta antzezlana kanpoan ere emateko asmoa.

Fitxa

Data: Bihartik maiatzaren 23ra.

Lekua: BBK aretoa

(Kale Nagusia, 19. Bilbo).

Ordua: 20.00etan.

Sarrera: 14/18 euro.

Presentzia groteskoa, imintzioak eta inprobisatzea

Nenita Danger taldera biltzen azkena izan da, orain zazpi urte Yogurinha Borova ordezkatuta. Bere ustean, Nagore Gore da «taldeko motorra, eta pisu handiena duena, zentzu guztietan». Handitasun groteskoarekin, ondoan, Caprichossi daukagu. «Bere aurpegia poema bat da, eta imintzio ugari egiten ditu; berezkoa du» -dio Olarretak, «eta oholtzan areagotu egiten dira gure berezko ekarpenak». Eta Nenita Danger zer? «Agian itxuraz ez naiz horren ikusgarria, baina mikroa dut puntu indartsuena. Oso gustuko dut inprobisazioa». A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo