GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Xabier Kintana Urtiaga Euskaltzaina

Bilboko Alondegia

 

Egunotan Bilbon kulturgune berria inauguratu da. Diotenez, behialako udal biltegi zaharra, sasoi batean eraitsi eta suntsitzekoa omen zena, orain eraberritu, birmoldatu eta hiritar erabilera askotarako egokitu da. Prentsak eta ikus-entzunezko komunikabideek horretaz dakartena ikusita, zoragarri gelditu ei da. Beraz, bihoazkie neure zorionak ere antolatzaile eta bultzatzaile guztiei, eta lehen-lehenik, nola ez, Bilboko Udalari.

Txikitandik ezagutzen dut tokia, ohiko lanean zebilenetik. Inguru osoari ardo-usain berezia zerion eta, eraikinaren helbururako beharrezkoak ziren zurezko upel, larruzko zahagi eta langileez gainera, baziren beste zeregin osagarriak ere, Iparragirre kaleko zahatogileena, adibidez, gaur zoritxarrez, jada galdutzat eman daitekeen eskulana, mendirako txango eta ibilaldietarako ezinbesteko laguna eskaintzen ziguna.

Izenaz has gaitezke. Arabierazko «al-funduk» hitzak gaur «ostatua, hotela» esan nahi du, baina Erdi Aroan merkatariei ostatu eman eta haien zamariak (gamelu, zaldi, astoak...) babestu eta garraiatzen zituzten salgaiak gordetzeko ostatu-aterpe bereziak adierazteko erabiltzen zen hitz hori, persierazko «karawansar» bezala. Ekialdean oraindik horrelako eraikin zahar batzuk ikus daitezke, esaterako, Israelgo iparraldeko gaurko Akko-n (ar. Akka, esp., fr., ing. Acre) oso ongi kontserbaturik gainera. Ostatu horiek, denboraz, merkatarientzat baino gehiago, haiek garraiatzen zituzten produktuak (zerealak, olioa, ardoa...) gordetzeko udal biltegi bihurtu ziren, Bizkaiko hiriburukoa bezala, haietako asko udal ardandegi bilakatu arte. Arabierazko izenetik, bai «alhódiga» eta bai «fonda» berbak iragan dira gaztelaniara. Euskaraz, aldiz, gure jendeak hitzaren amaiera euskaraz «tokia» esan gura duen -tegi atzizkiarekin elkartu (harategi, biltegi, usategi, ardandegi, okindegi...) eta «alondegi» sorrarazi zuen, arabierazko «al-baitar», euskarazko -ari atzizkiarekin loturik, «albaitari» (animalien sendagilea) eratu zuen bezala. Hitz zaharrak dira biak, arabieratik euskarara heldu zaizkigun ale gutxietakoak, eta egokitze fenomeno interesgarrien erakusle.

«Alondegi» hitzak bere garrantzia dauka, eta izatea eman dioten eraikinen beherakada historikoarekin, horietarik gelditzen diren ale bakanen irautearekin loturik dauka biziraupena berbak ere. Oraingoan, presagatik nonbait, kulturgunea bertoko hizkuntza ofizial bietan jartzea ahaztu zaiei arduradunei. Barkatu, espainolez besterik ez dute jarri, bertokoa ere, bestearekin batera, jakina, aspaldiko 30 urteotan ofiziala den arren. Esan didatenez, Katalunian honelako gauzetan behintzat, arduratsuagoak izaten omen dira.

Agian norbaiti jakitea interesa dakiokeelakoan -nabigatzaileentzako abisu gisa- hau gogoratu nahi nuke, gure ermita askotan, Bizkaian behintzat, santu ezagun bat beneratzen dela. Dirudienez, Kapadozian, gaurko Turkian, jaio omen zen K. ondoko 259. urtean, eta martiri moduan bertan hil, lehoien hortz-erpepean. Horri espainolez San Mamés eta galego-portugesez San Mamede deitu arren, euskaraz Santi Mami edo Santi Mamine esan zaio beti.

Amaitzeko, deituretan eta Etxebarri, Bidebarrieta eta Plaza Barria moduko toponimoetan bizkaierazko forma tradizional zaharrak («barri») gorde behar badira ere, gogoratu nahi nuke leku-izen sortu berriak, kultura-hizkuntza zibilizatuetan behintzat, eredu batu estandarrean moldatu ohi direla, Errekaldeberri, edo Asuaberri modukoetan bezala. Ez dago zergatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo