GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Andoni Olariaga eta Jon Jimenez Filosofian lizentziadunak eta http://basque.criticalstew.org-eko kideak

Euskal identitatea: «izan» ala «eraiki»?

 

Identitatearen aferaren inguruan bi pentsalariren iritzi oso interesgarriak irakurri ahal izan ditugu azken aste hauetan. Batetik, «Argia»-k maiatzaren 2an «Lagun armatua» (Txalaparta, 2009) idatzi berri duen Raul Zelik alemaniar idazleari eginiko elkarrizketa bat; bestetik, lau egun geroago Joxe Manuel Odriozolak «Berria»-n kaleratutako iritzi artikulua, aipaturiko elkarrizketan esaten ziren hainbat gauzari erantzunez («Tradiziorako eskubidea»). Bai Zelikek bai Odriozolak esandakoak aztertzea merezi du.

Betiko galdera tontoarekin hasteko: euskalduna izan, bada, edo eraiki egiten du bere identitatea? Hau da, Zelikek dioen bezala, «ez gara, geure burua egiten dugu» edo, Odriozolak dioen bezala, «identitateak `eraiki' ez ezik, `existitu' ere egiten dira»? Bi galdera dira beharrezkoak orain: batak bestea ukatzen al du? Edo aitzitik, maila desberdinetan al daude?

Identitatea eraiki egiten dela, printzipioz, bi idazleek onesten dute. Odriozolaren aburuz, ordea, identitatea eraikitzeko aurretik zerbait egon behar du atzean. Hau da, «euskalduntasun modernorik ez dago euskalduntasunaren tradiziorik ez baldin badago». Beraz, aurretik zerbait izan beharra dago identitate modernoa eraikitzeko. Eta gehitzen du, gure arbasoek sortu zuten euskal izaerari zor diogula euskal identitate moderno bat sortzeko beta. Eta, beraz, bere ustez, «identitatea ez da sortzen ezerezetik». Odriozolak dio ez daukagula etorkizunerako eskubiderik tradiziorako eskubiderik eduki ezean. Ikuspegi politiko batetik, orduan, euskalduna tradiziotik datorren eskubide historiko batzuen mende bizi da, Gernikako Estatutuan eta Foru Hobekuntzan argi azaltzen den bezala. Afera beste hau baita orain: tradizioa nork interpretatzen duen araberakoa.

Eta hori boterea duenak egin dezake soilik eta, de facto, hala egiten du, gu eskubide historikoekin kateatuz nazio zatikatu eta menpeko bezala. Ondorioz, ikuspegi politiko batetik, tradizioaren eskubidearen aldarriak gure alde egiten du, gure kontra egin dezakeen bezala.

Zeliken bigarren ideiaren arabera, diskurtso identitario bat erreakzionario bihurtzen da existitzen den identitate bat babestu behar dela esatean, «horren baitan ez daudenak baztertzen dituelako». Adibide bat jarriz: batzuen euskalduntasun aldarriak nafarrak alde batera uzten ditu (euskalduna hiru probintzietakoa dela onartzen baitu); beste batzuenak homosexualak baztertzen ditu eta abar. Ibarretxek euskalduntasuna ontasun eta bakezalearekin berdintzen duenean, beste guztiak (Gerra Zibilean EAJko milizianoak izandakoak ere bai) «alimañak» bihurtzen dira -edo besteren baten hitzetan, «bitxoak»- eta kanpoan geratzen dira. Izan ere, gaur egun, pentsalari postkolonialen gerra (adibidez) testuinguru horretan kokatuko litzateke, menpeko identitateek ahotsa hartzean artikulatzen duten identitateak baztertzaileak diren edo ez aztertzen duen eremuan.

Kontua sinplifikatuz: tradizio aipagarririk izan edo ez, historia loriatsurik izan edo ez, zer axola dio? Hau da, «euskaldunek sekula Nafarroako erregerik, eta forurik, eta demokraziarik, eta Gernikako arbolarik, eta karlismorik izan ez balute, zer? Eta Nafarroako Erresuma eta foruak eta demokrazia eta beste hainbat gauza izan balute ere, zer? Orain eta hemen bizi gara. Ez goaz iraganera. Etorkizunera goaz» (Joxe Azurmendi: «Gizaberearen bakeak eta gerrak». Elkar, 1975). Hau da, gaur egungo euskalduna, tradiziora edo historiara lotzen badugu, historiaren metafisika batean (batzuek egiten dutena, euskal sozialismoaren hastapenak karlismoan daudela interpretatuz eta beste hainbat absurdo) kateatu dugu. Iraganeko porrotetatik, galeretatik eta garaipen txikietatik at behar dugu gure burua. Handik urrunduz eraiki etorkizuna. Balioa kentzen al dio gure identitateari eraikia izateak, eta etengabe eraikitzen eta eraldatzen egoteak?

Dena den, Odriozolaren artikuluan, politika eta antropologia nahasten ari den susmoa dugu. Ikuspegi antropologiko batetik, zer da lehenago, arrautza edo oiloa? Alegia, euskalduntasunaren esentzia hor nonbait -ez dakigu non- beti eta eternalki dago eta bertatik edaten dugu? Edo noizbait eraiki eta aldatuz eta berreraikiz joan da? Kontua da, praktikoki, ekintzan, «izan ginelako izango gara» ez dirudi lema egokia denik. «Hamaika izan ziren eta orain ez dira. Lema hori enpirikoki ukatua dago. Izango gara, baldin eta izan nahi badugu eta lortzen badugu tokatu zaizkigun baldintzetan izatea (suizidioaren aukera ere hor baitago). Gurean, esaterako, egungo egoera politikoari buelta ematea, nazio ez garela diotenei aurre egiteko kapaz baldin bagara, alegia» (Iñaki Soto. «Argia», 2008ko Iraila).

Beraz, ez tradizioan ez inon, euskaldunak ez du justifikaziorik bilatu behar. Aspaldiko poema batekin bukatuz: «Baina libre izan nahi dugu, zer kulpa daukat nik. Eta txeke zuri faltsu baten antzean Gernikako arbola bat asmatu diguten arren, libre nahia bekatu balitz bezala, aitzakiaren bat beharko bagenu bezala, guk, guztiz xinple, libre izan nahi dugu. Nahi dugu, besterik ez. Hauxe baita gure engainu azkenekoa: libre izan nahia justifikatu behar dugula pentsarazi digute» (Joxe Azurmendi: «Manifestu atzeratua», 1971).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo