GARA > Idatzia > Ekonomia

Hego Lapurdiko Herri Elkargoak enpresa- sortzaileei laguntzeko neurriak hartu ditu

p021_f01_148x108.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Hego Lapurdiko Herri Elkargoaren zeregina da, besteak beste, bera osatzen duten hamabi herrien garapen ekonomikoa sustatzea. Egun, jarduera ekonomikoan diharduten hamaika gune kudeatzen ditu eta datorren astelehenean beste bat inauguratuko du Saran.

Horrez gain, Christine Bessonart Senpereko auzapez eta Herri Elkargoko garapen ekonomikoko lehendakariordeak herenegun jakinarazi zuen laster enpresa-mintegi berria irekiko dutela Azkainen.

Ipar Euskal Herrian bosgarrena litzateke, orain arte lau enpresa-mintegi baitaude: Estia kostaldean, Indar Donapaleun, Odace Maulen eta Aldatu Hazparnen. Bada beste bat Hendaian (Txingudi), baina soilik ur-kirolekin lotutako ekimenez arduratzen da.

Enpresa berriak sortu nahi dituzten enpresariei laguntzea da egitura horien helburu nagusia. Horrela, enpresa-hotelak deiturikoetan lokala, aholkua, proiektuaren lanketa eta zerbitzu komunak eskaintzen dizkiete. Enpresa zabaltzeko fasean, berriz, adituen hurbileko laguntza izaten dute.

Hitzarmenak

Enpresari txikien -batik bat euren lanpostua sortzen dutenak- euskarri izateko bidean, herri elkargoak bi hitzarmen sinatu ditu ADIE eta Bultza egiturekin.

ADIEk hamar urte daramatza Ipar Euskal Herrian eta, batez ere, lan-esparrutik eta finantza-sistema arruntetik kanpo dauden pertsonak laguntzen ditu, beren proiekturako mailegu txikiak onartuz, prestakuntza eskainiz, aseguru edo banketxeekin bitartekaritza lana eginez eta aholkularitza teknikoa zein laguntza administratiboa emanez. Egitura honek 123 enpresa txiki lagundu zituen Ipar Euskal Herrian 2009an. Isabelle Berrier ADIEko ordezkariak adierazi zuenez, Akitaniako eskualdean finantziazio maila handiena kudeatzen duena Ipar Euskal Herriko ADIE da.

Bultza ere elkartasun-ekonomia sareko eragilea da eta, batik bat interesik gabeko maileguak emanez laguntzen die enpresa berri bat zabaldu edo lehendik sortua zegoen bat hartzen duten pertsonei. Bereziki barnealdean instalatzen ziren proiektuak lagundu izan ditu orain artean baina, iaztik, kostaldekoak ere aintzat hartzen ditu.

Herri elkargoak, iaz jada egin zuen moduan, diru-laguntzak emango dizkie bi egitura horiei 2010eko proiektuak lagundu ditzaten.

Horrela, ADIEk gehienez 35.o00 euro jasoko ditu (2.500na euro lehen hamar proiektuentzat eta 250 eurona gainerakoentzat, beti ere 10.000 euroko mugan). Bultzak ere antzeko laguntza izango du, baina 11. enpresa-proiektutik aurrerakoen artean banatzeko 5.000 euro izango ditu.

Diru-laguntza hauei esker, bi egiturok 35 enpresa-proiektu lagundu zituzten 2009n herri elkargoaren eremuan. Urtero 450 enpresa inguru sortzen dira bertan. Sortzaile berriak, eta batez ere proiektuak gauzatzeko ohiko bideetatik maileguak lortzen ez dituztenak, lagundu nahi ditu herri elkargoak egitura horiekin elkarlanean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo