GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Urrezko Aizkora

Donato Larretxea gabe jokatuko dira finalerdiak

Arantzakoak gerrian arazoak ditu eta uko egin behar izan dio lehiaketan jarraitzeari. Bere ordez Senosiain arituko da Arrospideren aurka.

Jon LEUNDA

Donato Larretxearen hutsunea izango da gaur Urrezko Aizkorako finalerdietan. Arantzakoak arazoak ditu gerrian eta ezingo du gaur parte hartu. Bere ordez Antonio Senosiain arituko da Arrospideren aurkako norgehiagokan.

Burgun, Araban, jokatuko dira saioak, baina ordu ezberdinean. Lehen finalerdia 18.00etatik aurrera jokatuko da, eta bertan Arrospide eta Senosiain neurtuko dira. Sei proba ezberdin jokatu beharko dituzte. Ordu horretan hasiko den jaialdian, Saralegi eta Ohian Larretxea ere neurtuko dira 23 urtetik beherakoen finalerdian. Horiek lau kana-erdiko moztu beharko dituzte. Jaialdi berean, Iker Vicentek, Daniel Vicenteren 12 urteko semeak, marka ezarri nahi du 45 ontzako sei enbor moztuz.

Leku berean, baina 19.45ean, hasiko da bigarren finalerdia. Nazabal eta Lopez lehiatuko dira bertan, eta hauek ere Arrospidek eta Senosiainek egin beharreko lan bera izango dute. Jaialdi honetan, 18 urtetik beherakoen ligaxkako azkenengo saioa ere jokatuko da. Otaño, Usia, Lopez eta Kortxero neurtuko dira.

Gipuzkoako Bigarren Mailako bigarren eta azken kanporaketa ere jokatuko da asteburu honetan: bihar izango da Urnietan 17.30etik aurrera. Alkizalete II.a, Mugertza II.a, Zubizarreta, Elorriaga, Zaldua, Otaño eta Urtzi Olasagasti neurtuko dira. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Lehenengo hirurak sartuko dira finalean, eta jadanik, Mugertza I.a, Telletxea eta Ugarteburu sailkatuta daude. Gipuzkoako Lokotx-biltze Txapelketa ere izango da bertan.

Azkenik, Paskualtxoren omenaldiko bazkarirako txartelak erosteko azken eguna izango da bihar. Salgai dira oraindik Azpeitian Mendizabalen, Tolosan Kantabrikon, Zizurkilen Iriarten, Aian Juenenen, eta Asteasun Iturriondon. 35 euro balio du txartelak, eta 8 euro gaztetxoentzat.

Sega

Sega denboraldia ere hastear da. Lehen hitzordua gaur izango da Ormaiztegin, 18.00etatik aurrera, nazioarteko eran. Bertan taldekako Euskal Herriko Txapelketa jokatuko da, eta bertako taldeez gain, Okzitaniakoak eta Kataluniakoak ere ariko dira. Bakoitzak lau segalari izango ditu, eta emakumezkoen eta gizonezkoen mailetan jokatuko dira. 8x15 metro koadro moztu beharko dituzte neskek, eta 10x20 metro koadro mutilek.

Sokatira

Sokatiran, 680 kilotakoa amaituta, 640 kilotakoa hasiko da gaur 17.30etik aurrera Aresoko pilotaleku ondoan dagoen belardian. Areso, Gaztedi, Goiherri A, Goiherri B eta Mutriku neurtuko dira. Gaztedik ezustean lortu zuen txapela 680 kilotan, eta saiatuko da berriro ere emaitza ona eskuratzen. Dena den, Goiherri da faborito, Laukizkoek hutsune batzuk izango baitituzte. Hiru jardunaldiko ligaxka izango da gaurtik aurrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo