GARA > Idatzia > Kultura

Ye-ye mugimenduarekiko leial, «Grandes exitos del ayer» kaleratu du The Sparteens-ek

M. L. | DONOSTIA

Hamaika abestiz osaturiko disko berri honetan, «Jo ta ke» edo «God save the queen» bertsioez gain, orain arte argitaratu gabeko euren abesti propio bat sartu dute, «Ez da berdin», Amets Arzallusen hitzak dituena.

Lapurdiko talde honek «ahalik eta biolentzia handien» agertzen duten abestiak 60ko hamarkadako lasaitasun eta xarmantasunarekin nahasten dituzte. Taldea duela bi urte jaio zen igande goiz batean, ye-ye mugimenduari buruzko erreportaje bat ikusi eta horri buruz hitz egiten. Txantxa moduan jaio zena pixkanaka seriotasuna hartzen joan da. La Polla Records-en «Txus» abestiaren bertsio bat egin ondoren, Herri Urratsen parte hartzeko deia jaso zuten eta horren ondotik aurrera jarraitu zuten lapurtarrek.

Inspirazioa, noski, ye-ye mugimendutik datorkie; 60ko hamarkada hartako Marisol edo Rocio Durcalen filmetatik, bai eta Italiako ye-ye mugimendutik ere. Jatorrizko abestien letra eta doinua errespetatzen saiatzen dira beti eta abestien «guraso» direnak ere pozik dituzte, bai La Polla Records-eko Ebaristo, baita Fermin Muguruza bera ere.

Kontzertu bira prestatzen ari dira oraindik, baina Irungo Moskuko jaietan arituko direla baieztatu dute. Ikuskizun hauetan twist lehiaketak antolatzen dituzte sari eta guzti ikusleen artean, eta harrera bikaina izaten dutela ziurtatu dute taldekideek.

Gainera, orain arteko single-ak erosi dituztenei eskerrak emateko ekimen gisa, joko bat jarri dute abian. Aurretik ateratako sei single horiek erosi dituenak lehen disko berri hau dohainik jasotzeko aukera izango du Donostiako, Irungo eta Baionako saltoki batzuetan aurreko lanak aurkeztuz gero.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo