GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ruben Hernandez eta Manu Odriozola Grafikagintzako langileak eta «Euskal Herria Sozialista» aldizkariko kideak

Beharrezkoa da sektore guztietako borrokak elkartzea

Uste dugu sindikatuek lan egin behar dutela sektore guztietako borrokak elkartzeko: metalgintza, grafikagintza, eraikuntza, osasuna, hezkuntza, garraioak, zerbitzuak, sektore publikoa... Eraso guztiei aurre egiteko joan den urteko maiatzaren 21eko greba orokorrarekin hasitako bideari jarraitu behar diote sindikatuek. Uste dugu beharrezkoa dela langile klasearen indarrak elkartzea

Kapitalismoaren oinarri sozial eta politikoak astintzen eta sistema erreakzionario honen benetako aurpegia erakusten jarraitzen du 1929tik aurrekaririk ez duen krisi ekonomikoak. Krisia sufritzen ari diren bakarrak langileak eta gizarteko sektore zapalduak izan arren, kapitalisten ikuspuntutik konponbide bakarra dago bertatik ateratzeko: gastu soziala murriztu eta soldatak eta langileen eskubideei eraso. Egoera honetan ulertzen dira Gipuzkoako metalgintzako eta grafikagintzako langileen aurka eginiko eraso basatiak, Adegiren eta enpresarien aseezintasuna eta harropuzkeria erakusten duten erasoak.

Ez da inolako kasualitatea bi lan hitzarmen hauetarako Adegiren proposamenak berdinak izatea kasu askotan: soldata izoztea, lan jardunaldia handitzea, antzinatasuna desagertzea, 120 orduko «malgutasuna» enpresarentzat, ordu sindikalak ezabatzea, asanbladak lanorduetan egitea debekatzea eta lan hitzarmenak iraun bitartean grebarik ez egitera derrigortzea ekarriko lukeen akordio sozialaren sarrera. Eraso hauek klase kapitalistak elkarrekin antolatuak izan dira, langile klasea zapaltzeko eta desmoralizatzeko helburuarekin. Beren harropuzkeria hain da handia, ezen ausartu egiten baitira langile mugimenduaren borrokarekin lortutako eskubide historikoei erasotzera: eskubide sindikalak, asanblada eskubidea eta greba eskubidea.

Enpresariek urteak pasatu dituzte izugarrizko irabaziak eskuratzen. Zer jaso dute langileek? Ezer ez, egiaz guztiz aurkakoa. Eta orain, hazkuntza ekonomikoko garaian lortzen zituzten irabaziak eskuratzeko zailtasunak dituztenean, guk gerrikoa are gehiago estutzea eta gure lan baldintzetan eta gure eskubideetan atzerakada anker bat besterik gabe onartzea nahi dute. Enpresa handien jabe diren jaun dotore hauek urte bukaerako beren emaitza kontuetan bakarrik pentsatzen dute eta oso gutxi axola zaie langileen egoera. Horrelakoa da kapitalismoa, gehienezko irabazian oinarritzen den sistema.

Sektore guztietako borrokak elkartu behar dira!

Adegiren erasoei PSOEren Gobernuaren herstura plana eta lan erreformaren mehatxua gehitzen zaizkie. Horrek guztiak erakusten du ezin dugula inolako konfiantzarik izan patronalengan eta haien alde dauden gobernuengan. Ez dute ezer egingo langileen alde. Ez zaigu borroka egitea beste erremediorik geratzen. Maiatzaren 25eko sektore publikoko grebak izan zuen jarraipen esanguratsuak erakusten du, beste behin, langile klasearen potentzial handia mobilizatzen denean.

Adegiren eta kapitalisten erasoei aurre egiteko beharrezkoa da langile klasearen borrokak elkartzea. Sektore publikoko langileen borrokak sektore pribatukoekin elkartzea, eta sektore guztietako borrokak elkartzea. Zentzu horretan, oso positiboa izan zen maiatzaren 28rako metalgintzako eta grafikagintzako grebak batera konbokatu izana. «Euskal Herria Sozialista»kook uste dugu hau dela jarraitu behar den bidea eta oso garrantzitsua izango litzateke bi sektore hauetako mobilizazio bateratuak antolatzea. Lanpostuak defendatzea enpresaz enpresa borrokatuta zailagoa den moduan, lan hitzarmenen aurkako erasoak sektorez sektore geldiaraztea ere zailagoa da. Eraso berdinen aurrean, mugimenduaren indarra biderkatu egiten da mobilizazio bateratu eta koordinatuekin. Horregatik, uste dugu sindikatuek lan egin behar dutela sektore guztietako borrokak elkartzeko: metala, grafikagintza, eraikuntza, osasuna, hezkuntza, garraioak, zerbitzuak, sektore publikoa...

Eraso guztiei aurre egiteko joan den urteko maiatzaren 21eko greba orokorrarekin hasitako bideari jarraitu behar diote sindikatuek. Uste dugu beharrezkoa dela langile klasearen indarrak elkartzea, langile guztien eta erakunde sindikal guztien ekintza batasuna bultzatzea. Borroka bateratuak ez du esan nahi sindikatuek beren errebindikazio propioak defendatzeari edo beste sindikatuak kritikatzeari uztea. Are gehiago, posible da eta beharrezkoa da gainera. Langile mugimenduaren banaketak eta batasun sindikalaren gabeziak ez die ezertan laguntzen langileei. Sindikatu guztiek konbokatutako greba orokor batek, langile euskal herritarrak, kataluniarrak, galiziarrak eta espainiarrak elkartuz, mahai gainean jarriko luke langile klaseak duen potentzial handia eta modurik onena izango litzateke langile familiei, langabeei eta gazteriari eragiten dieten erasoei aurre egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo