GARA > Idatzia > Euskal Herria

Oiartzun, atez atekoari esker, birziklapen emaitza bikainak lortzen ari da

Astebete pasatu da Oiartzunen atez ateko zabor bilketa hasi zenetik eta, nahiz eta arazo txiki batzuk ere sortu diren, herritarrek azkar hartu dute dinamika. Lehendabiziko egun hauetan emaitza bikainak lortu dira, eta horrela jarraitzeko hobekuntzak egiteko prest dago herria.

p016_f01_29934.jpg

Nagore BELASTEGI

Atez ateko zabor bilketa sistemak mundu osoan zehar zabaltzen ari den Zero Waste (Zero Zabor) filosofia du erroan. Euskal Herrira iaz iritsi zen hondakinak biltzeko modu berritzaile hau, Usurbilen martxan jarri zutenean, baina toki askotan orain dela denbora asko erabiltzen den eta oso modu desberdinetan egiten den sistema bat da. Estatu espainiarrean lehenengoak kataluniarrak izan ziren, hain zuzen, 2000. urtean hasi ziren Tiana, Tona eta Riudecanyes herrietan atez atekoarekin.

Irlandan etxean bi edukiontzi izan ohi dituzte. Batean zabor birziklagarria sartzen dute eta bestean birziklaezina. Astean behin birziklaezinen edukiontzia kalera atera behar dute eta kamioia pasatzen denean jaso egiten ditu. Zerbitzu hau izateko 200 euro inguru ordaindu behar dira eta, norbaitek ordaintzen ez badu, ez dute bere edukiontzia jasotzen. Hala ere, ordaindu ez duen horrek egunen batean bere zaborra jaso dezaten nahi badu, saltokietan 8 euro balio duten hiru pegatina urdin eros ditzake, pegatina hori daramaten poltsak ere jasotzen baititu kamioiak. Horrela, zaborraren tasa ordaindu ez dutenek, poltsa horren truke dagokiena ordaintzen dute.

Birziklagarriak, berriz, bi astetik behin jasotzen dira. Plastikoak, brikak, latak, papera eta kartoia dena elkarrekin jartzen dute, baina aldez aurretik ontziak garbitu behar dituzte. Beira eta pilak kalean dauden edukiontzietan edo dendetan jasotzen dira.

Suedian, zabor birziklagarria edukiontzi gehiagotan banatzen dute. Batetik, papera eta kartoia banatzen dute; bestetik, plastikoa, brikak eta latak; hirugarren edukiontzi batean beira berdea sartzen dute; eta laugarren batean, beira gardena. Gainerakoa, birziklatzen ez dena, aparte botatzen da. Horrez gain, Finlandian bezala, supermerkatuetan botilan edo latan ontziratutako produktuei potearen prezioa gehitzen zaie. Gero, supermerkatuetan bertan dauden makina berezi batzuetan sartuz gero, bakoitzari dagokion diru kopurua itzultzen zaio erosleari.

San Frantziskon atez ateko sistemari esker zaborra erdira murriztea lortu dute. 90eko hamarkadan zaborraren %10 besterik ez zuten birziklatzen; orain, berriz, %70ra iristen dira. Japonian birziklapena muturrera eramaten dute eta Kamikatsu hirian, adibidez, 34 kategoriatan banatzen dute zaborra.

Hondakinak biltzeko sistema hau gehienbat herri txikietan ezarri da, baina hiri handietan ere egin daiteke. Esaterako, Monzan (Italia), 100.000 biztanleko hirian, 1993az geroztik ari dira atez atekoarekin eta hiritarrak ohituta daude.

Osasuna Atez Ate

Oiartzunen joan den igandean jarri zen martxan sistema hau. Berria da eta «gauza berri guztiek bezala urduritasuna sortzen du herritarrengan», adierazi dute Oiartzun Osasuna Atez Ate informazio bulegokoek. Horregatik pixkanaka ikastea garrantzitsua da. Informazio bulegoan uste dute poliki-poliki jendea ohitzen joango dela eta azkenean aldaketa txiki batekin emaitza onak lortuko direla.

Bulegoko langileen esanetan, «lehenengo egun hauetan oso txukun azaldu da herria eta bildutako materialen kalitatea oso ona izan da. Oiartzungo Udala «oso pozik dago» aste honetan lortutako emaitzekin eta horrela jarraitzea espero dute.

Egunotan arazo txikiak sortu dira, azkenean gauza dezente aldatu behar izan direlako, baina berehala konpondu dituzte. Adibidez, lehenengo gauean hogei ontzi inguru gelditu ziren zintzilikailuetan jaso gabe langileek ez zituztelako ikusi. Bizilagunek abisua eman zuten, eta hurrengo goizean jasotzera joan ziren, zabor bilketa gaueko hamarretan hasten delako eta goizeko bostak aldera bukatzen dutelako. Horrelako gauza txikietatik aparte, «biltzaileak normaltasun osoz ari dira lanean».

Informazio bulegoak herritarren laguntza eskertu nahi du, izan dituzten arazoak kontatzeko deitzen dutelako. Horrela, guztiak elkarlanean jardunez, herritar guztiei ahalik eta zerbitzu onena eman ahal izango zaie. «Jendea zalantzak galdetzera etortzen da, baina gehienbat autokonpostatzeari buruz informazioa eskatzera. Gu oso gustura gaude horrekin, jendea guregana gerturatzen delako. Oiartzun oso herri barreiatua denez, baserriez gain, zona urbanoan dauden etxe askok ere lorategi puska bat dute, eta hor bakoitzak bere kabuz materia organikoa konposta dezake, gero erabiltzeko. Orain 650 familiak hartu dute konpostatzeko gailua, baina gehiago etortzen ari dira», esan dute Oiartzun Osasuna Atez Ate-n.

Bulegokoen ustez, bosgarren edukiontziak «ohiko sistemak baino emaitza hobeak ditu organikoen bilketari dagokionez, baina ezin dira atez atekoan lortutakoekin konparatu». Gau bakar batean, Azpeitian bosgarren edukiontziari esker hamabost egunetan lortzen duten organiko kantitatea gainditu dute Oiartzunen. Gainera, gorantz doan joera da. Lehen egunean, 1.300 kilo organiko bildu zituzten eta, asteazkenean, berriz, 5.220 kilo.

Informazio bulegoan uste dute atez atekoa sistema malgua izan daitekeela, eta herritarrek beren arazoen berri emanez gero, konpondu daitezkeela. «Guri interesatzen zaiguna herritarrei ahalik eta zerbitzu on eta erosoena ematea da, emaitzak ere hobeak izan daitezen», esan dute bulegoko arduradunek.

Herri osoan banatu dute informazioa eta bereziki elkarteetan. «Nahikoa da pertsona batek organikoen ontzian jogurt pote bat botatzea bildutako guztia hondatzeko», esan dute Oiartzun Osasuna Atez Aten. Nabarmendu nahi izan dute arazo edo zalantzaren bat izan eta bertara gerturatzen denari laguntzeko prest daudela, «azkenean ikasteko kontua delako».

Atez atekoa «aurretik birziklatzen zutenentzat sistema erosoagoa da. Era berean, birziklatzen ez zutenei joera horrekin jarraitzeko zailtasunak jartzen dizkie». Gainera, «hondakinen arazoari benetako konponbidea emateko modu bat da», Udalaren ustetan. Baina atez atekoak, ekologia zaintzeaz gain, ekonomia ere indartzen du. Zabor bilketa bera ohiko sisteman baino garestiagoa da, baina herri bakoitzak zabortegira eramaten dituen zabor tonen arabera tasa bat ordaindu behar duenez, eta orain lortzen den errefus kantitatea txikiagoa denez, gutxiago ordaintzen da atez atekoarekin. Epe luzera aurrezten den diruarekin langile gehiago kontratatzen dira, eta horrela lanpostuak sortzen dira.

Oiartzunen, lehen, kamioi bakoitzeko langile bakar bat behar zen, ibilgailuek ontziak altxatzeko sistema hidraulikoa erabiltzen zutelako. Orain, kamioiak sinpleagoak dira eta bakoitzeko bi langile behar dira. Denborarekin isilagoak eta txikiagoak diren batzuengatik ordezkatuko ditu Udalak. Atez atekoari esker, ohiko edukiontziak kentzen dira kaletik eta usain txarra desagertzen da. Lorategia dutenek, berriz, etxean egindako kalitate oneko konposta erabil dezakete landareei botatzeko osasuntsu haz daitezen. Autokonpostagailua duten familiek 622 kilo konpostatzen dute egunean.

Autokonpostatzea

Konposta egitea sukaldeko eta lorategi edo baratzeko hondakin organikoak landareentzako ongarri bihurtzea da. Etxeko konposta eginez, elikadura-hondakinak eta sukaldeko hondakinak birzikla daitezke, baita inausketako eta lorategiko hondakinak ere.

Konposta egitea doakoa da eta oso erraza. Konpostagailua zuzenean lurrean jarri behar da, hondakinek sortzen dituzten likidoak zorura eror daitezen eta ongarri gisa eragin dezaten. Materia hezea eta lehorra bolumen berberean nahastu behar dira usain txarrik sor ez dadin. Noizean behin, metatutakoa nahastu behar da, baina etxeko konpostagailuak oso handiak ez direnez, goiko geruza nahastea nahikoa da. Hezetasuna kontrolatu behar da, konposta lehorra egon ez dadin, baina bustiegia ere ez.

Askok uste ez bezala, konpostak ez du usain txarrik jariatzen, beraz, ez ditu euliak edo arratoiak erakartzen. Sukaldeko hondakinak zuzenean bota daitezke, haragia eta arraina barne. Horrela zabor organikoak toki bakar batean biltzen dira eta, gainera, landareentzako ongarri gisa erabiltzeko prest dagoen konposta lortzen da lau hilabeteren ostean udan, edo sei hilabete eta gero neguan. Konposta ontziaren beheko aldean metatzen da, beltza edo marroi ilun kolorekoa izaten da eta basoko lurraren antzeko usaina hartzen du.

GARA Oiartzunera joan da adin desberdinetako herritarrek atez atekoari buruz zer uste duten galdetzera. Nahiz eta batzuei sistema berrira egokitzea pixka bat kostatu zaien, guztiak birziklapen modu honetara moldatzeko ahaleginak egiten ari dira.

LEHEN ASTEA

Maiatzak 24 eta 30 bitartean datu bikainak lortu dituzte Oiartzunen: Astelehenean 1.000 kilo ontzi arin, asteartean 3.840 kilo paper eta kartoi, asteazkenean 5.220 kilo organiko, ostegunean 2.060 kilo ontzi arin, ostiralean eta igandean 7.740 kilo organiko eta larunbatean 4.620 kilo errefusa.

Oiartzuarrak pixkanaka atez atekora ohitzen ari dira

Elixabet ODRIOZOLA

«Etxean pixka bat hobeto moldatu beharko dugu»

«Aste honetan hasi gara konposta egiten, eta hasieran uste genuen ez zela sinplea izango. Ohitzen ari gara, baina uste baino errazagoa iruditu zait. Nabaritzen duguna da etxean leku falta dagoela. Agian pixka bat bat hobeto antolatu beharko dugu. Horrez gain, organikoen bilketen artean pare bat egun pasatzen dira, eta niri ontzia bete egiten zait. Organikoa egunero jaso beharko litzatekeela uste dut. Sistema berriaren beldur nintzen, baina azkenean ondo moldatzen ari naiz. Dena ohitura berriak hartzea da. Hala ere, bizilagunok komentatu dugu, gure etxe azpian udan biltzen diren gazteak sentsibilizatuta ez badaude eta pixka bat aztoratzen badira, gure ontziekin zer gertatuko ote den».

Divina CAMPOS

«Orain kontu handiz banatzen dugu zabor guztia»

«Hasieran, zaila iruditzen zitzaidan. Etxean ez genuen birziklatzen, baina orain uste dut ohitzen ari naizela. Guk zabor organikoarekin konposta egiten dugu, etxean orain dela 4 urte hasi ginen egiten. Gainera, gure dendan plastikoak eta papera biltzeko edukiontzi handiagoak ditugu. Egun hauetan ez dugu arazorik izan eta dena ondo jaso dute. Hasieran behintzat, ondo moldatu gara egoera berrira. Lehen ia dena botatzen genuen zaborrera, eta orain kontu handiz banatzen dugu. Ondo egiten saiatuko gara».

Alex BARGALLO eta Lourdes OTSOA DE ALDA

«Lortu nahi den helburua oso ona da»

«Nahiago genuke bosgarren edukiontzi organikoa jarri izan balute, bere erabilpena errazagoa iruditzen zaigu-eta. Ohituta gaude lau edukiontzien funtzionamendura, eta bat gehiago jarriz ondo moldatuko ginateke. Atez atekoa konplexuagoa da, anbizio handiagoa du. Lortu nahi den helburua oso ona da, baina itxaron egin beharko dugu ondo dabilen eta bideragarria den ikusteko. Ohitura aldaketa handia da» esan du Bargallok. «Egun osoa zoro moduan gabiltza, ez dakigulako non bota behar ditugun zenbait gauza. Zaborra antolatzean zalantzak izan ditugu askotan eman diguten zerrendan ez dauden materialak aurkitzen ditugulako. Bestela, jasotako informazioa ona izan da», adierazi du Otsoa de Aldak.

Maite GEZALA

«Erosketak etxean antolatzea birziklatzearen antzekoa da»

«Nik ez dut inongo arazorik. Lehen birziklatzen nuen, eta orain ere bai. Orain edukiontzi bat gehiago jarri behar izan dut, baina, lehen, gauzak botatzeko edukiontziak zeuden tokira joan behar nuen eta orain etxeko atean jasotzen dute dena. Eman ziguten informazioa irakurri dut eta ez dut arazorik izan. Zalantzaren bat badut, larunbateko errefusaren ontzian jartzen dut, eta denborarekin joango naiz ikasten.

Nire ustez, erosketak egin ondoren etxera iristean eta produktu bakoitza bere tokian jartzean `birziklatzen' ari gara. Ez dugu dena toki berean uzten. Zabor sistema hau berdina da. Janaria prestatzen dudanean ontziak hartzen ditut, eta dena jasotzean gauza bakoitza dagokion tokian sartzen dut. Baina zer gertatuko da konpostarekin bero handia egiten duen egunetan?».

Martxel LEOZ

«Azkenean, lehen baino errazagoa iruditzen zait»

«Egia esan, ez zait zaila iruditu, pixka bat antolatzea besterik ez da. Egun batean gauza batzuk atera behar dira eta beste egun batean besteak, baina, azkenean, lehen baino errazagoa iruditzen zait, etxean beti birziklatu dugulako. Guk aurretik konposta egiten genuen etxean lorategia dugulako. Ikusten dudan arazo bakarra zintzilikailu batzuk oso behean daudela da, eta horrela poltsak lurrean gelditzen dira. Joan den egunean poltsa bat puskatuta zegoen, katuren batek egingo zuen, eta zabor guztia kanpora atera zen».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo