Iranen aurkako presioa areagotu nahian jarraitzen dute AEBek, ekin eta ekin
Iraneko krisi nuklearrari dagokionez, Etxe Zuriko arduradunek bere horretan jarraitzen dute, Teheranek nazioarteko betebeharrei entzungor egin eta NBEko ikuskatzaileen lana oztopatzen duela argudiatuta.GARA | WASHINGTON
Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (IAEA) kaleratutako azken txostenak «Iranek dituen nazioarteko betebeharrei ekiteko porrota eta kooperazio falta nabarmena» erakusten duela salatu zuten atzo Ameriketako Estatu Batuetako gobernu ordezkariek.
Mike Hammer Etxe Zuriko eta Barne Segurtasun Kontseiluko bozeramaileak azaldu zuenez, aipatu dokumentuak nabarmentzen du «Iranek uko egin diola NBEko Segurtasun Kontseiluak eta IAEAko Gobernadoreen Kontseiluak proposatutako pausoak jarraitzeari». Herrialde islamdarrak, gutxienez, maila handian aberastutako 5,7 kilo uranio ekoitzi dituela zehazten du txostenak, eta, ondorioz, aipatu organoen erabakiei entzungor egiten diela.
Atzoko dokumentuaren arabera, uranioa %20 aberastuko zuela iragarri zuen Teherango Gobernuak baina, aldi berean, IAEAko ikuskapen zorrotzak onartu zituen, hau da, aurretik iragarri gabeko bisita eta azterketak baitaratzen dituena.
Bitxia bada ere, Hammerrek ez zuen azken puntu hau ahotan hartu, eta behin eta berriro aipatu zuen Irani bost axola diotela nazioarteko betebeharrak, eta IAEArekin ez kooperatzea leporatu zion.
IAEAk uste du Iran %20raino aberastutako uranioa ekoizten ari dela, erreaktore atomikoa eraikitzeko lanetan eta agentziako langileei ez diela sarbidea baimentzen, AEBetako Presidentetzako ordezkariak argitu zuenez.
Bere aurkako etengabeko eraso horren aurrean, Iranek ere dokumentuari buruz hitz egin zuen «errepikakorra eta partziala» dela esanez gaitzesteko. Gainera, «harrituta» agertu ziren, txostenean aipatu ere egiten ez delako uranioa trukatzeko maiatzaren 17an Brasil eta Turkiarekin sinatutako akordioa .
«Oso harrigarria da akordio honi aipamenik ez egitea, gertakizun historiko eta garrantzitsua izan zelako, hurbilketa zintzo, eraikitzaile eta positibo baten fruitua izan zelako», arbuiatu zuten.
Hiru aldeko hitzarmena, Luiz Inacio Lula da Silva presidente brasildarrak eta Turkiako lehen ministro Recep Tayyip Erdoganek bultzatu dute, eta horren arabera, %3,5 aberastutako uranioa Turkiara bidaliko du Teheranek, horren ordainetan erregai aberastua eskuratzeko, helburu baketsuak dituen erreaktorerako nahikoa izango litzatekeena.
«Joko aspergarria»
Press TV telebista kate turkiarrean egindako agerraldian, Ali Akbar Sotaniehk, Iranek IAEAn duen ordezkariak dei egin zion Yukiya Amano agentziako idazkari nagusiari «joko aspergarri honi» amaiera eman diezaion, organismoari zilegitasuna kendu baino ez duelako egiten.
Brasil eta Turkiaren aburuz akordioa elkarren arteko konfiantza eraikitzeko aurreneko pauso bat da, eta gainera, AEBek bultzatu nahi dituzten zigorrei atea ixten die.
Itunak herrialde askoren oniritzia jaso badu ere, Washingtonek bere horretan dirau, eta NBEko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrekin elkarrizketa prozesua abian du, har ditzaketen presio neurriak aztertzeko.
Estatu frantsesak atzo arratsaldean adierazi zuen legez, Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak kaleratutako azken txostenak nazioarteari ez dio Irani zigorrak ezartzea beste irtenbiderik uzten.