GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

«Iraupen probara aurretik helduko banintz, gustura etxeratuko nintzateke»

p038_f01_76552.jpg

Anjel ARROSPIDE I Aizkolaria

Anjel Arrospide Azpeitiko Betarran pilotalekuan izango da datorren larunbat gauean, Nazabalen aurka Urrezko Aizkorako finala jokatzeko. Leaburuko aizkolari beteranoak badaki Etxarriko txapelduna menderatzea zaila izango duela, baina berak probaren bat edo beste irabazita amaitu nahiko luke finala. Bigarren urtez jarraian izango da azkeneko saioan, eta hori ez da batere seinale txarra.

Jon LEUNDA I

Etzi gauean Azpeitian jokatuko den final handian izango da Anjel Arrospide. Baditu jadanik 54 urte, eta oraindik horrelako finaletan bere burua ikusteak ilusio handia egiten dio.

Nola zatoz finalera?

Alde batetik gogoz eta ilusio handiarekin, eta bestetik eguna pasatzeko gogoarekin. Behin adin honetara iritsita badakigu jokatzeko finalak ez ditudala asko izango eta horrek beti ilusio berezia ematen dizu.

Horrenbeste urteren buruan, izaten al duzu urduritasunik?

Nik uste dut urteek aurrera egin ahala, urduritasuna gehitzen joaten dela. Nire kasuan, behintzat, bai. Azken batean gauzak ongi egin nahi dituzu, ez duzu gaizki geratu nahi, eta horrek berak sortzen dizu kezka eta urduritasuna.

Bigarren urtez jarraian zara finalean. Horrek zerbait esan nahi du ezta?

Bai, ongi nagoela esan nahi du, baina azkenean onartu behar dugu atzetik inor etorri ez delako gaudela gu hor, bestela ez ginen finalean izango, eta agian aizkoran ere ez ginen arituko.

54 urteko aizkolari bat finalean izatea ez al da seinale txarra aizkorarentzako?

Final batean 54 urterekin izatea ez da normala. Baina Nazabalek ere 41 ditu, eta garai batean hori ere ez zen normala izango. Hemen arazoa da hogei urtetako zuloa dagoela, eta hori orain ari gara ordaintzen. Gure atzetik oso aizkolari gutxi etorri ziren, eta orain nabaritzen da hori.

Hala ere, orain gazte asko dabil aizkoran. Horrek itxaropenerako ateak zabaltzen al ditu?

Bai, bai, ni orain oso itxaropentsu nago. Une honetan inoiz aritu den gazte jende gehien dabil aizkoran, eta hor 20 urteren bueltan oso onak badabiltza. Nik hor dozena erdi bat aizkolari oso on ikusten ditut, eta hemendik bost edo sei urtera goi mailan arituko dira. Eta hortik aurrera ere izango da, gaztetxoak ere asko baitabiltza. Hor pena izan da hogei urte galdu direla, eta orain ondorioak ordaintzen ari garela.

Nola ikusten duzu finala?

Oso zaila. Nazabalek besteoi koska bat kentzen digu, eta badakigu berari irabaztea oso zaila izango dela. Iaz iraupen probara aurretik sartu nintzen, baina berak irabazi zidan. Aurtengoan ere iraupen probara aitzinetik sartuko banintz, oso gustura etxeratuko nintzateke.

Zutikako enborretan ikusten al duzu irabazteko aukerarik gehien?

Bai. Nik uste dut probaren bat edo beste irabaziko diodala, eta hori lortzen badut oso gustura amaituko dut.

Zer egin behar da Nazabali irabazteko?

Garbi dago berak egun txar bat izan behar duela, eta nik ona, bestela gaur egun berari irabaztea oso zaila da. Aurrez aipatu bezala, bera une honetan besteak baino koska bat gorago dago.

Nola egiten zaio aurre gaueko saio bati?

Ez da erraza. Urtean zehar gauez oso saio gutxi egiten ditugu. Gero, gauza ezberdina da erakustaldi bat edo final bat izan. Honelako final bat gauez izanda, eguna oso luzea egiten da. Gero, buruan ez duzu beste gauzarik izaten, eta beti finalaren kontua izaten da buruan bueltaka. Otorduak ere ezin dira normal egin, eguna nahiko xelebrea da, baina hau da dagoena eta aurrera egin behar da, eta saiatu lan on bat egiten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo