GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Indarkeria eta zurikeria

 

Sionisten azken eraso zitalak agendako lehen mailara ekarri du indarkeriaren inguruko eztabaida. Mahai gainera itzuli dira ohiko topikoak, zilegizko indarkeriaren monopolioa, nazioarteko legedia, giza eskubideak, terrorismoa. Baina, beste batzuetan ez bezala, ezeroso sentitzen dira injustizian oinarritutako sistema guzien defendatzaileak. Izan ere, haien indarkeriaren errealitate gordina ageri da, inolako arrazoirik aurkezteko gai ez direlarik. Sionistak ez dira beren burua defendatzen ari. Erasotzaileak dira, erasoan sortutako estatua dute eta erasoa da beren jarduera nagusia!

Sionismoa ideologia espantsionista da, inperioaren jardueran ongi uztartu dena. Gaur egun, sionismoa inperioa ere bada. Inperioaren lan zikinak egiten dituena, inperioa bera baldintzatu nahi duena. Sionisten azken astakeria salatu duten asko inperioaren menpekoak edota aldekoak dira. Ezeroso daude sobera ikusgarria izan delako erasoa, baina bat egiten dute erasoaren estrategiarekin. Batzuk, espainiar agintariak, adibidez, sionistei armak saltzen dizkietenak dira, gainera.

Bizi garen munduan indarkeria da lege nagusia, egunero hori ezkutatzeko denetariko ergelkeriak entzuten baditugu ere. Indarkeria da inperioaren funtsa, indarkeria kapitalismoaren mamia, indarkeria dago herri eta pertsonen zapalkuntzaren atzean. Finean, indarkeria da gutxi batzuen lehentasunaren oinarria. Nola ezarriko ligukete, bestela, berdintasunik, justiziarik eta askatasunik gabeko mundua?

Itsasontzien kontrako erasoa jarduera iraunkorren isla besterik ez da. Gertaera larria, jakina, oso larria, baina kate luze batean uztartu beharrekoa, tamalez. Hain ikusgarriak ez diren astakeriak gertatzen dira behin eta berriro, edonon, eta errudunak zigorrik gabe gelditzen dira. Askotan, krimenak sarituak izaten dira. Zenbat heriotza dauzka sorbaldan Henri Kissingerrek, adibidez? Eta Bake Nobel Saria eman zioten, epaitu eta kartzelatu beharrean!

Sistema injustuetan, gehiengoaren gainetik gutiengoa jartzen duten sistemetan, sistemikoa da estatu krimena. Ez da «gertaera» bat: horixe da estatua. Errepresioa ez da sionisten estatuaren behin-behineko joera, beren estatua errepresioa da, eta errepresioa estatua. Egoera ezberdina izanik ere, horixe gertatzen zaio espainiar Estatuari. Herrien kartzela gisa sortu, bizi eta luzatu den estatua halakoa da derrigorrez. Izan ere, ziegako atea irekita utzirik, nor geldituko litzateke barnean? Estatuen indarkeria -errepresioa-, giltza da, askatasunaren bidea oztopatzen duena.

Zer esanen dugu guk, indarkeriaren inguruko zurikeriak nazkatutako euskaldunok? Terrorismoaren aitzakiaz zer egiten diguten ederki dakigunok. Estatuen indarkeriaren defendatzaile «bakezaleak» ezagutu ditugunok. Guk ongi ikasi dugu zer dagoen mezu ofizialen gibeletik.

Terrorismoaren kontrako gerraren erretolika zapalkuntza eta injustiziaren mozorroa da. Inperioa bera da terrorista, sionistak dira terroristak, eta terroristak dira beren konplizeak, indarkeriaren kontra mintzatzen zaizkigun horiek. Gure seme-alabak bakearen balioan hezi nahi dituzten horiek. Zurikeriaren txapeldunak, sufrimenduaren trafikanteak!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo