Joseba Aurkenerena Urruña
«Montañas nevadas, banderas al viento...»
Honela hasten zen haur ginela maisu faxistak erakusten zigun kantua. Gu inozente samarrak ginen eta poztasun handiz kantatzen genuen, besoa altxatuta gainera, gure maisuak erakutsi bezala. Horietako batean kanta-kantari joan nintzen etxera, baina etxekoen aurpegian ez zen islatzen nik espero nuen poza. Ama eta amona isilik zeuden, aita amorrua ezin ezkutatuz. Gero, aitak txoko batera deitu eta gure herrian gertatutakoen berri eman zidan. Orduz geroztik hasi nintzen errealitatea ulertzen, nor ziren batzuk eta nor besteak, zein ziren zapaltzaileen banderak eta zein gureak.
Haur oroitzapenetan finkaturik ditut eraikin ofizial guztietan zeuden bandera ilun zital haiek: piper-poto gorri-horia erdian eta falangista gorri-beltza eta errekete zuri-gorria ezker eta eskuin. Zapalketa eta ukazioaren ikur ziren. Oraindik Donostiako Prim kaleko eraikin horietako batean zintzilik zeudenak ikus ditzaket. Beldurra eta nazka sorrarazten zizkidaten. Amonak, behin eta berriz, aipatzen zuen gu, bere bilobok, ez ginela beti frankismoaren menpean biziko. Eta guk horrela uste genuen.
Lehengo egunean, Eusko Jaurlaritzak Donostiako Antia kalean duen egoitzara joan nintzen paper bat eramatera, eta han ikusi nuen, goiko aldean jarrita, bandera gorri-horia. Horrek haurtzaroko kontu horiek guztiak ekarri zizkidan gogora. Zorionez, gure garaikook ez genuen gerra ezagutu. Egia!, baina frankismoaren menpe bizi izan ginen hasieran, postfrankismoan ondoren, eta orain neofrankismoan bete-betean. Zoritxar handiagorik!