Metaleko greba arrakastatsua bigarrenez, langileen %85ek baino gehiagok bat eginda
Gipuzkoako metaleko langileek Adegiri jarrera alda dezan exijitzeko greba egin zuten atzo ELAk eta LABek, baita CCOOk deituta. Langileek eskubide murrizketarik ez dutela onartuko argi utzi zuten.GARA | DONOSTIA
ELA eta LAB sindikatuek atzo Gipuzkoako metalgintza sektorean egin zen bigarren greba eguna, lehenengoa bezala, «arrakastatsua» izan zela adierazi zuten. Metal arloko lantegietako enpresa batzordeen %90ek baino gehiagok eta %85etik gora enpresa txiki eta ertainek (ETE) bat egin zuten grebarekin, sindikatuen datuen arabera. Era berean, ELAk eta LABek deituta, milaka langilek manifestazioak egin zituzten, bestek beste, Beasainen, Azpeitian, Errenterian, Bergaran eta Hernanin.
CCOOk ere, bere aldetik, greba eguna deitu zuen atzoko eta protestak «arrakasta» izugarria izan zuela baieztatu zuen. Zehazki, «lantegiak berriro ere hutsik» gelditu zirela esan zuen. Adegik, berriz, maiatzaren 28an egindako lehen greba egunean bezala, protestak indar gutxi izan zuela adierazi zuen eta langileen %75ek lan egin zutela.
Eskubide murrizketarik ez
Bigarren greba egun honekin metaleko langileek, berriro, eskubideak murriztuko dituen proposamenik ez dutela onartuko argi erakutsi dutela nabarmendu zuten ELAk eta LABek batera zabaldutako prentsa ohar batean. Zentzu horretan, milaka langileen parte hartzearekin gorpuzturiko erantzun historiko honen aurrean Adegiri zuhur joka dezan exijitu zioten, baita, egun indarrean dagoen hitzarmen kolektiboa oinarri hartuta, hitzarmen berri eta duin bat negoziatzearen aldeko apustua egin dezala ere.
Izan ere, «errealitateari bizkarra ematen dion patronala, probokazioa ezaugarritzat hartzen duen patronala, kaltegarria da Gipuzkoako industriarako», salatu zuten. Ildo horretatik, Adegik errealitatearen aurrean ez-ikusiarena egiten duela eta lehen greba egunaren ostean patronalak egin zuen balorazioa horren froga dela adierazi zuten ELAk eta LABek. Izan ere, Gipuzkoako enpresetan mobilizazioa «guztiz jendetsua» izan zelarik, Adegik deialdiak «porrot egin» zuela adierazi zuen. Oraingoan, «Adegi begi-bistakoa dena onartzeko gai izatea espero dugu», adierazi zuten, «berriro barregarri geratu ez dadin».
Adostasunak, ordea, urruti jarraitzen du. Izan ere, ELAk eta LABek patronalak sindikatuak zirikatzen jarraitzen duela baieztatu zuten, egin dituen eskakizunetako bakar bat ere ez baitu aldatu, eta, beraz, negoziazio mahaian ordezkaritza duten sindikatu guztientzat «onartezinak» diren proposamen guztiei eutsi die. Hori aldarazteko, «mobilizazioa eta borroka beste biderik ez» dutela esan zuten.
Ekainak 10ean eta 11n berriro
Metaleko langile gehienek sindikatuen irakurketa bera egiten dutela berretsi zuten. «Horregatik, datorren asteko bi greba-egunak arrakastatsuak izango dira, maiatzaren 28ko lanuztea eta gaurkoa arrakastatsuak izan diren bezalaxe», esan zuten.
Era berean, Gipuzkoako enpresarien artean, Adegiren jarrera baztertu, eta sen ona nagusitu dadin espero dutela adierazi zuten, hala, «benetan» negoziatzen has daitezen. Patronalak, temati, bereari eusten jarraituz gero, ordea, metalgintzako langileak datorren ekainaren 10ean eta 11n berriro kalera aterako direla adierazi zuten.
Lehenengo grebaren inguruan Adegik protestak porrot egin zuela esan ostean, ELAk eta LABek patronala agerikoa den errealitatearen aurrean ez ikusiarena egiten ari dela kritikatu zuten, eta milaka langileren erantzuna aintzat har dezala exijitu zioten.