«Erraustegi toxikoaren» kontrako manifestaldia Donostian, hilaren 20an
Usurbilgo Itunak eta errausketaren aurkako plataformek atez ateko zabor bilketa sistema erabiliz Gipuzkoak ez duela erraustegirik behar erakutsi nahi diote Aldundiari. Osasuna oinarri hartuta, manifestaldia deitu dute, eta, bereziki, haurrek ere parte har dezaten eskatu dute.Nagore BELASTEGI |
Usurbilgo Ituneko eta Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinakundeko ordezkariak bildu ziren atzo Donostiako Institutu Onkologikoaren atarian hilaren 20an manifestaldia deitzeko eta moratoria eskaera aintzat har dezaten agintariek.
Usurbilgo alkate Xabier Mikel Errekondok eta Errausketaren Aurkako Koordinadorako Maria Luisa Sanchezek hartu zuten hitza. Hala ere, hamalau bat lagun ziren Usurbilgo Itunean parte hartu zuten taldeen ordezkari (Alternatiba, Ezker Abertzalea, Ezker Batua, Berdeak, Aralar, Hiru, LAB, CCOO, ELA, EHNE, EILAS, ESK, Eguzki, Greenpeace, Ekologistak Martxan, Errausketaren Aurkako Plaformen Koordinakundea eta Usurbilgo Udala).
Errekondok eta Sanchezek jakinarazi zuten ekainaren 20ean manifestaldia egingo dutela 12.00etan Donostiako Bulebarretik irtenda. Martxaren xedea Aldundiari errauste plantaren eraikuntza atzera dadin nahi dutela gogoraraztea da. Egitasmoa sei urtez geldi dezaten nahi dute, hondakinak errausteko beharrik ez dagoela erakusteko aukera eman diezaieten.
Prentsaurrekoa Onkologikoaren sarreran eman nahi izan zuten, euren ustez, «errausketa onartzea, minbiziari ateak irekitzea» delako. Ordezkariek adierazi zuten botere publikoek ezin dutela herritarren osasuna mehatxupean jarri, eta ezin direla bizi heriotzari begira, Onkologikoari begira.
Horrez gain, errauste planta eraikitzeko 500 milioi euro gastatzea Gipuzkoarentzat izugarrizko diru xahutzea dela esan zuten, eta, horren ordez, Usurbilen, Hernanin eta Oiartzunen abian den atez ateko bilketa sistemaren alde apustu egiten dutela, konpostatzea eta birziklatzearekin batera. «Zaborrik sortzen ez badugu, arazoaren zatirik handiena konponduko dugu», baieztatu zuten Errekondok eta Sanchezek Zero Zabor filosofia aldarrikatuz.
Atez ateko gaikako bilketarekin ez da ia hondakinik sortzen. Alde horretatik, Usurbilgo Ituneko eta Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinakundeko ordezkariek «erraustegia gosez hiltzeko bidean» jarraituko dutela adierazi zuten. Errekondok eta Sanchezek gipuzkoarren airea zabortegi bihurtzerik ez dutela nahi esan zuten.
Gainera, beren esanetan, erraustegiak ez du babes sozialik probintzian eta herritarren borondatearen aurka bultzatzen ari dira.
Haurrak motorretan
Ordezkarien hitzetan, inork ez du pertsonen osasuna arriskuan jartzeko eskubiderik. Errekondo eta Sanchezen ustez, herritarrak ez dira arazoa, konponbidea baizik, eta, hori dela-eta, ekainaren 20ko manifestaldira joateko eskatu zieten gipuzkoar guztiei, baita ideologia desberdineko alderdi, sindikatu, kargudun publiko eta erakundeei ere. Gipuzkoarrengan konfiantza izan behar dela nabarmendu zuten, krisi garaian itxaropena piztu delako.
Gainera, aipamen berezia egin zioten haurren osasunari, ez baitiete «erraustegi toxikoa ondare gisa» utzi nahi. Beraz, Donostiara gerturatzen diren guztiei haurrekin joatea eskatu zieten, baita umeen motorrak eramatea ere, aurrera egin nahi dutela adierazteko, Gipuzkoa ez baita «alferren eta axolagabeen lurraldea».