Agustin Arrieta-Urtizberea: «Errespetua ez da usteen eta sinesmenen ezaugarria»
Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA
«Sinesmenak eta usteak» du izena Agustin Arrieta-Urtizberearen azken lanak. Saiakera bat argitaratu du oraingoan, «Istripuak» ipuin bildumaren ostean. «Pentsamendu liburu bat da, gure artean gutxi egiten den motakoa», azaldu zuen Alberdania argitaletxeko Inaxio Mujikak. Sinesmenak eta usteak geureganatzeko moduei buruzko saiakera izan arren, dibulgazio lana da, erraz irakurtzeko eran idatzia, eta institutuetako batxilergo eskoletan nahitaezko irakurketa izan beharko litzatekeela baieztatu zuen. «Fanatismoaren kontrako eta sen onaren aldeko» lana da argitaratu berri den hau.
Errenterian jaiotako Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia irakasleari saiakera hau idaztea orain dela bizpahiru urte bururatu zitzaion; elkarrizketa askotan argudiaketari amaiera emateko modua ez baitzuen egokitzat jotzen. Uste eta sinesmenei buruzko eztabaidak esaldi berarekin amaitzen omen dira, bere hitzetan: «Errespetatu nire usteak». Idazlearen ustez, eskakizun hori ez da onargarria, «usteak ez dira errespetatu behar, eztabaidagai bihurtu behar dira».
Hamahiru ataletan zehar prozesu eta izaera ezberdin ugari aztertzen ditu; hala nola izaera dogmatikoa, egia eta bizikidetza, sen onaren eredua edo gure uste horiek barneratzeko prozesuak. Erlijioari buruz ere mintzatzen da errenteriarra. Bere ustez, erlijio sinesmenak ez dira besteen gisako sinesmenak, «beste izen bat eman beharko litzaieke». Izan ere, sinesmen horiek «egiaren jokotik kanpo» gelditzen dira, askotan ez baita Jainkoaren izateari buruz galdetzen, egiatzat jotzen da. Ildo berari eutsiz, sinesmenei eta mistikari buruzko lan bat prestatzen ari da orain.