GARA > Idatzia > Mundua

BPren jarduna bertatik bertara jarraitzeko Louisianan da Obama

Louisianara heldu zen atzo Barack Obama, aste honetan bigarrenez, marea beltzaren ondorioak gertutik jarraitzeko. Bitartean, British Petroleum enpresak, aurreko saiakerak porrot egin ostean, petrolio hobia estaltzeko ipini duten kanpai erraldoian jarria du itxaropena.

GARA |

Barack Obama presidente estatubatuarra Louisianan izan zen atzo Mexikoko Golkoko petrolio isuriak eragindako kalteak eta horiei aurre egiteko lanak gertutik ikusteko.

Aste honetan bigarrenez, eta apirilaren amaieran Deepwater Horizon petrolio plataforma hondoratu zenetik hirugarrenez bertaratu zen Obama, konpainia britainiarrak oraindik jarioa gelditzeko formula aurkitu ez duelarik.

Oposizioko kideen kritikak gero eta ozenago entzuten diren bitartean, enpresa britainiarrak enegarren saiakera egin zuen, isuria gelditzeko.

Ur azpiko roboten bidez kanpai erraldoi bat jartzeko ahaleginean aritu ziren atzo, petrolio jarioa behin betiko gelditzeko itxaropenez.

Metodo horrek emaitza onik emango ez balu, alternatiba bila ari dira, baina jadanik ideiak ere agortzen ari dira. «Argi dago isuria gelditzeko tresnak ez genituela gure esku», aitortu zuen atzo BP enpresako zuzendari Tony Howardek.

Bestalde, Robert Gibbs Etxe Zuriko bozeramaileak azaldu zuenez, BP enpresari lehenengo faktura helarazi diote, 69 milioi dolarrekoa [57 milioi euro inguru], eragindako kalteen ordaina «zergadunei itzultzeko».

Arizonan ere porrot

Arazoak ugaritu zaizkio Obamari, eta, zentzu horretan, ostegunean Arizonara eginiko bidaian ere ez zuen emaitza positiborik lortu. Jan Brewer gobernadorearekin bildu zen, migrazioaren inguruko legeaz eztabaidatzeko, baina ez zuten akordiorik lortu.

Legea uztailaren 29an izango da indarrean, eta Obamak, Brewer-ek «okerreko bidea» hartu duela iritzita, neurria lausotzeko eskatu zion. Gobernadoreak, hiritarren segurtasuna aitzakia jarrita, ezezkoa eman zion presidenteari.

BERTAN BEHERA

Etxe Zuriko bozeramaileen arabera, Barack Obamak bertan behera utzi du Australia eta Indonesiara egitekoa zen bidaia, etxeko krisiei aurre egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo