Aizkora Urrezko Aizkorako amaiera
Nafarrak faborito aterako dira Azpeitian jokatuko diren hiru mailetako finaletan
Jon LEUNDA
Nafarrak aterako dira faborito gaur gauean Azpeitiko Betarran pilotalekuan jokatuko diren Urrezko Aizkorako hiru finaletan. Floren Nazabal, Ohian Larretxea eta Eneko Saralegi dira, adituen ustez, garaipenak lortzeko hautagai nagusiak.
Maila nagusian Nazabal eta Arrospide izango dira aurrez aurre. Iazko final bera izango da berriro ere. Sei proba egin beharko dituzte, eta lan guztiak batuta denborarik onena lortzen duenak eramango du garaipena.
Nazabal izan da azken urteotan txapelduna, eta badirudi gaur ere berak jantzi beharko duela txapela. Arrospiderentzat lan egokia da hau, baina iraupen proban zail izango du Etxarrikori alderik kentzea, eta hor joan dakioke irabazteko aukera guztia. Leaburukoaren helburua probaren bat edo beste irabaztea da, eta zutikako lanetan berak garaipenen bat lortzea ez litzateke ezustekoa izango.
Beharbada, finalik orekatuena 23 urtez azpikoena izango da. Horretan Ohian Larretxea eta Ugaitz Mugertza neurtuko dira. Larretxea da, adituen ustez, faboritoa, baina Mugertzak irabaztea ere ez litzateke ezustea izango. Mutrikuarra sasoi betean dago, eta hori dena joan den igandean Urnietan jokatu zen Gipuzkoako Bigarren Mailako kanporaketan erakutsi zuen, lehen postua lortu baitzuen. Final honetan aizkolari bakoitzak bost lan ezberdin egin beharko ditu.
Gazteenetan, 18 urtez azpikoetan, Saralegi eta Kortxero neurtuko dira. Adin tarte horretako aizkolarien artean Saralegik gainerakoei koska bat kentzen die, eta espero gabeko zerbait gertatu ezean, leitzarrak lortu beharko luke garaipena. Lau lan ezberdin egin beharko dituzte gazte hauek. Finalak, 22.30ean jokatuko dira.
Omenaldia
Herri kirolak izango duen beste zita Zizurkilen izango da, izan ere, bihar, 11.30etik aurrera, Paskualtxori omenaldia egingo diote Adunibarko belardietan. Aizkolariak, trontzalariak, harri-jasotzaileak eta korrikalariak izango dira bertan ikusgai, eta sarrera doakoa izango da. Arratsaldean bazkaria izango da, eta han izan nahi duenak txartela aurretik erosita izan beharko du. Gero trikitia eta bertsoak izango dira nagusi Paskualtxoren omenaldian.