Joxe Iriarte, «Bikila» Idazlea
Aleluia!
Krisi ekonomikoak eta horren ondorio larriak gizartean, kultur alorrean eta abarrean, horrek kezkatzen zaitu? Aldaketa klimatikoak eta horren ondorio larriak gizadia eta gizakiarentzat, horrek samintzen zaitu? Gerra eta gatazkak, giza eskubideen urraketa ia mundu guztian, horrek atsekabetzen zaitu? Zorioneko gipuzkoar eta bizkaitar bazara, aldatu aurpegia! Bukatu dira gure penak eta minak! Reala primeran dugu jada, San Mames Barria stadium berria eraikitzen hasiko dira aurki eta Edurne Pasabanek 14 zortzimilakoak egin ditu. Zer gehiago?
Realaren (bere erret koroa eta izen monarkiazale eta guzti) babeslea AHTren eraikuntzan parte hartzen duen Amenabar enpresa dela eta Athleticekoa koke planta kutsakorra eraiki nahi duen Petronor, eta Edurne Pasabanen balentria finantzatzen duen erakundea Hego Amerika zurrupatzen duen Endesa izateak, horiek guztiak zer axola dute guretzat? Kirolak batzen gaitu eta bihotza goxatzen!
Beraz, poztu gaitezen, Reala primeran dugularik, okasio aparta Realaren zor guztiak (nola egin ziren jadanik ahaztuta) barkatuak izan daitezen, eta bide batez, ea Anoetako atletismo pista kentzen duten, horrela futbolariek berta-bertatik senti dezaten zaleon berotasuna, naiz eta segur aski datorren urtean Reala jaisteko egoeran sartzen bada, egun «galdu edo irabazi» beti Realarekin omen diren horiek berriro amorru bizian Anoetara joateari utziko dioten. Eta Athletic zaleek, euskal senaren aldarrikatzaile sutsu horiek, zertarako galdetuko diote beren buruari stadium berriarentzako dirua nondik etorriko zaien. Alegia, itota dauden zenbait egitasmo kulturaletatik, esate baterako, edo batek daki nondik. Ez baita jakiten hemendik kendu han sartzeko mugimendu horiek nolatan egiten diren.
Niri, berriz, nire kirol sena beste modu batean garatu delako (Felipe Uriarte lagunari atsegin handiz irakurri berri diot mendizalea mendiarekin lehiatzen dela, ez beste mendizalearekin) arreta eman dit Xabier Azkargorta futbol entrenatzaileak «politika eta kirola» oso lotuta daudela esateak. Bestela, zertarako hainbesteko interesa Pasabani Espainiako kirol domina gorenak lepotik zintzilikatzeko eta Asturiasko Printzearen sarirako hautagai bihurtu? Edo Euskaltel-Euskadi Espainiakoak direla adierazteko? Eta kasualitatea ote Espainiako selekzioak jokatzen duen egunean Zapaterok neurri ekonomiko zorrotzak indarrean jartzea?
Klasikoek arrazoi zuten azken finean «politika ekonomia kontzentratua dela» ziotenean. Eta kirolari dagokionez, negozioa.
Bukatzeko, Hegoafrikako futbol txapelketari arrakasta guztia opa diot, baldin eta etekinak apartheid garaian bezain txiro, gaixo eta zanpatuak jarraitzen duten milioika hegoafrikarrentzat badira. Hala bedi!