«Udalbiltzarekiko elkartasun uholdea sortu behar dugu»
Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza ikasketak egin zituen, eta gaur egun Urretxuko Gainzuri ikastetxean egiten du lan hezitzaile gisa. Ordiziako hautetsia da Iztueta, baita Udalbiltzako partaidea ere. Bai Udalbiltzari sarearen bidez, Udalbiltzako auzipetuei babesa eskaintzen die orain.
Nagore BELASTEGI
Duela zazpi urte eten zuen Baltasar Garzon epaileak Udalbiltzaren jarduera, ETArekin harremana zuela egotzita. Ordutik epaiketa noiz izango zen zain egon dira, uztailaren 15ean hasiko dela jakin duten arte. Egoera hori salatzeko, Bai Udalbiltzari sarea sortu zuten Oiartzunen. Amaia Iztueta babes talde horren barnean dabil, 22 auzipetuen aldeko ekimenak prestatzen.
Zein da Bai Udalbiltzari sarearen helburua?
Honako hauek dira helburu nagusiak: Udalbiltzaren aurkako epaiketari buruzko informazioa zabaltzea; Bai Udalbiltzari Babes Taldea osatzea, era ireki eta anitzean; hurrengo asteetarako lan plangintza bat definitzea; Udalbiltzaren kasuaren inguruko elkartasuna eta salaketa biltzea herriz herri.
«Egunkaria»-ren auzian lortu ziren mobilizazioetan oinarritu al zarete Bai Udalbiltzari Sarea sortzerakoan?
Zehazki ez gara «Egunkaria»ren aldeko mobilizazioetan oinarritu, baina uste dugu bai honen auzian zein beste auzietan euskal gizartea kalera atera zela, eta Bai Udalbiltzari sarea sortzerakoan, agian, ekintza batzuk «Egunkaria»ren auzian bezala errepikatuko direla. Dena den, helburua hemendik epaiketa iritsi arte herriz herri indarrak batzea eta kalera ateratzea izango da.
Horrelako auzi baten aurrean, zer egin dezake jendeak?
Beste auzietan bezala, kalera atera eta antolatzen ditugun ekimenetan parte hartu. Eta nork bere eremuan auziaren inguruko informazioa zabaldu eta injustizia hau salatu. Norbera erosoen sentitzen den moduan, eta ahal duen heinean atera behar da kalera, baina uste dut jendea ezin dela etxean gelditu ezer egin ez dezakeelakoan. Herrietan elkartasun eta salaketa uholdea sortu behar dugu.
Zure ustez, herritarren parte hartzeak auziaren ebazpenean eragina izango du?
Uste dugu eragin handia izan dezakeela eta horretarako sortu ditugu Bai Udalbiltzari sareak herriz herri. Auzipetuak Madrilera iristen direnerako. Aldi berean, Madrilen jakin dezaten pertsona hauek errugabeak direla eta herritarrek aukeratu dituztela herriaren alde lan egiteko, eta beraien «delitu» bakarra Euskal Herrian nazio eraikuntzaren alde lan egitea izan dela. Presio hori sentitu behar dutela uste dugu eta horrek eragina izango duela. Hala ere, aurretik ere beste epaiketa batzuk egon direla uste dugu eta nahiz eta lan txukuna egin eta arrazoia izan, neurrigabeko zigorrak jarri direla. Baina hori ez dago gure esku...
Elkarretaratzeez gain, zein ekimenetan hartuko dute parte herritarrek?
Ekainaren 11tik aurrera herrietan plangintza irekiak aterako direla uste dugu. Babes taldeak auziarekiko interesa duen herritar orori zabalik daude, beraz, edonork har dezake parte. Esan bezala, ekainaren 12ko elkarretaratzeaz gain, epaiketara bitarte herri guztietan ekimen ugari egingo dira, eta aukera zabala izango da herrietan ekimenetan parte hartzeko.
Ekimen horiek zein eremutan egingo dira?
Tokian tokikoak izango dira eta herrietako babes taldeek antolatuko dituzte, baina, horrez gain, nazio mailakoak ere izango dira.
Zenbat jende bildu da Bai Udalbiltzari sarean hasieratik?
Bai Udalbiltzari sarea Oiartzunen sortu zen 2009ko urriaren 24ean, eta hasieran epaiketa noiz izango zen ez genekienez, poliki-poliki herrietan sareak osatuz joan dira, baina uste dugu, eta gure helburua hori da behintzat, Urretxuko batzarraren ondoren, Euskal Herriko udalerri gehienetan sortu behar ditugula talde hauek. Urretxuko batzarrean ideia ugari atera ziren eta jendea konturatu zen epaiketa gainean dugula eta kalera atera behar dugula herriz herri auzi hau salatzera eta elkartasun uholdea sortzera.
Sareak jendea biltzen du, etorkizunean beste mota bateko helburu politikoak lortzeko balioko al du?
Berez epaiketara begira sortutako babes talde bat da, eta gerora ikusiko dugu zertan gelditzen den. Oraingoz, Sareak Euskal Herri mailan funtzionatzen du, baina Euskal Herritik kanpo, Estatu mailan badago beste batzorde bat lanean ari dena eta ziur nago babes handia jasoko dugula.
Jendea zergatik gerturatzen da Bai Udalbiltzari sarera?
Auzipetuen herrietan agian errazago gerturatzen da jendea, finean, herritar askok pertsona hori aukeratu zutelako bozketa bidez herriaren alde lan egiteko, eta horrenbeste eman duen pertsona bat orain epaitua izango dela jakite hutsak... Baina uste dut orokorrean jendea auziaren kontra dagoelako gerturatzen dela.
Eragile guztietako jendea ari da elkartasuna adierazten, baina zein arlokoak dira gehienak?
Bai, eragile mota ugari ari da biltzen, beraz, ez nuke bereizketarik egingo; gainera, uste dugu herrietan babes taldeak lanean hasten direnean oraindik ere gehiago hurbilduko direla.
Zein bide erabili duzue informazioa herri guztietara iristeko?
Nazio zein herrialde mailako sareak sortu ditugu eta horrela ziurtatuko dugu informazioa herri guztietara iristea, baina herri bakoitzean sortu behar dira ekimenak, eta behin Urretxun egindako batzarraren ondoren, herriak beraiek izan behar dira protagonista ekimen desberdinen bitartez.
Herrietako jaiak aprobetxatuz ekimenak egiten jarraitu nahi duzue, zer egin daiteke egun berezi horietan?
Babes taldeak zabalak eta irekiak izango direnez, herri bakoitzean oso ekimen desberdinak egingo dira, baina helburu nagusia Udalbiltzaren auzia kalean egotea eta elkartasuna biltzea izango da.
«Auzipetuak errugabeak dira eta herritarrek aukeratu dituzte herriaren alde lan egiteko. Egin duten bakarra Euskal Herrian nazio eraikuntzaren alde lan egitea izan da»