GARA > Idatzia > Kultura

Euskal kulturan emakumeen ekarpena bermatzeko eta jai parekideak erdiesteko abiapuntua

Emakumeok Plazara egitasmoa abiaraziko du Bilgune Feministak Euskal Herrian egiten diren jaiak benetan parekideak izan daitezen eta emakumeak kulturari egiten dion ekarpena agerian gera dadin.

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Urteak daramatza Euskal Herriko Bilgune Feministak gizon emakumeen arteko parekidetasunaren alde borrokan. Are gehiago, parekidetasun hori euskal kulturaren esparruan ere bete-betea izan dadin lehian aritu dira eta ari dira gaur egun. Helburu guztiak oraindik bete gabe daudenez gero, borroka horren aldeko apustu berria egin du. «Arazoak gainditu eta emakume sortzaileoi gure txokoa eskainiko digun» proiektu berria darabil esku artean; Emakumeok Plazara, hain zuzen.

Jai parekideen inguruko auzian, hiru xede finkatu zituen aspaldian Bilgune Feministak; batetik, jaien antolakuntzan emakumeen parte hartzea bultzatzea; bestetik, jaien aitzakiapean izan ohi diren erasoak desagerraraztea; eta, azkenik, jaietan emakumeen parte hartzea eta presentzia areagotzea. Azken helburu horren harira, web orrialde bat sortu dute, www.emakumeokplazara.org. Hala, jai batzordeek kultur eremuan diharduten emakume solte eta taldeen zerrenda izango dute eskura, hau da, emakumeen presentzia areagotzeko tresna bat gehiago izango da.

«Web orrialde hori, emakumeok egindako ekarpen kulturalen baliabideen zerrenda da. Gauzatzen diren kultur ekimenak bilduko dituen agenda aktiboa eta, pixkanaka elikatuz, Euskal Herrian kultura arloan emakumeok egiten dugunaren berri jaso eta zabaltzeko balioko duen euskarria izatea du asmo», esan zuen Bilgunek ohar baten bitartez.

Oinarrizko irizpideak

Emakumeok Plazara proiektuan parte hartzeko «oinarrizko irizpide» batzuk ezarri dira. Bilgune Feministaren aburuz, horietatik gutxienez bat bete egin beharko litzateke; emakumea izatea. «Talde bat bada, taldean bertan eta egiten den ekoizpenean emakumeak egotea edota balore feministetan oinarritutako lanak izatea. Proiektu hau elikatzeko eta pixkanaka hazten joateko ezinbestekoa da kultura taldeek edota sortzaile orok fitxak betetzea». Horretarako bi aukera daude; info@emakumeokplazara.org helbidera idaztea edo web orrialdetik zuzenean parte hartzea.

Bilgune Feministaren iritziz, «bertako kultura arlotik aspaldi atzemandako zailtasunari, hau da, emakume kulturgileok publikoan gure lana ezagutaraztekoari aurre egiteko tresna sortu dugu. Urte luzeetan landutako jai parekideen aldarrikapenak eta beharrak jada izango dute heldulekurik, www.emakumeokplazara.org ataria», gaineratu zuten.

AURKEZPENA DOKAN

Proiektuaren aurkezpena bihar arratsaldean egingo da Donostiako Doka Kafe Antzokian, 19.30ean. Bertan, Ainbat talde arrasatearrak eta Sorkun abeslariak hartuko dute parte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo