Lander Garro Idazlea
Animalia sena
Gizakiak bere aberetasun jatorrizkotik gordetzen dituen instintu urrien artean, bada bat bereziki faszinantea iruditzen zaidana: besteak jazartzeko gaitasuna. Ez da kontu makala: usaimena findu, arrastoa aurkitu, harrapakinari, topatu arte, etsi gabe jarraitu.
Irene Nemirovsky zena datorkit gogora: Errusiako judu paristartua zen jendarmeek katez eraman zutenean. Nazien esku utzi zuten nobelagile ospetsua: bi astetan akabatu zuten. Senarrak eskaria egin zien agintariei emaztearen ordez bera eraman zezaten eta, hura hilik bazen ere, abegikor onartu zuten gizonaren eskaintza: gas ganberan lurperatu zuten hura ere.
Baina haien bi alabak geratu ziren bizirik. Hilabeteetan eta hilabeteetan jardun zuten bi neskatilen bila. Eskola batean lehendabizi, serora etxe batean gero, soto batean ondoren: beti aurkitzen zituzten, alajaina!, baina beti egiten zieten eskapo! Kontua hauxe da, ordea: beti aurkitzen zituztela. Langintza horretarako trabatutako jendarmeen aurpegiak irudikatzeko ahaleginak egiten ditut: zein aurpegiera ote zuten?, zer sentitzen ote zuten bi neskatilen arrastoa usnatzeko tenorean?
Ongi erretratatu zuen gizaki mota hori Louis Malle zinemagile frantziarrak, “Au revoir les enfants” egiazko gertakarietan oinarritutako filman: polizia arruntak ziren, badakizue, bakunak eta interesik gabekoak. Baina tematiak. Azkenean, ordea, ez zituzten neskatilak aurkitu. Damua izango zuten, bai, baina ez jakin zergatik: jazarpen higuingarri hartan ibiliagatik edo huts egin izanagatik.