GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Israelen gaitasun nuklearraz azkenaldian jakindakoak jakinda, Iran al da benetako arazoa?

Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak Irani bere politika nuklearra dela-eta zigorrak gogortzea erabaki zuen atzo. Une honetan bertan biltzen diren hamabost herrialdeetatik hamabik eman zuten ekimenaren aldeko botoa. Libano abstenitu egin zen eta Brasilek eta Turkiak kontra bozkatu zuten. Erabaki zehatz honetaz zerbait nabarmentzekotan, Txinak alde bozkatu izana nabarmendu daiteke. Errusiaren aldeko botoa, ordea, auzi honetan dituen interesak eta lortuko zituen gainerako mesedeak kontuan hartuta, ez da harritzekoa.

Nolanahi ere, ikuspuntu zabalago batetik, benetan harrigarria NBEren jokabidea da. Azken asteetan, Mordejai Vanunu ingeniari nuklearra atxilotu zutenetik lehendabizikoz, Israel bonba atomikoaren jabe dela frogatu dute «The Guardian» egunkariak argitaratutako dokumentuek. Gainera, Israelek nazioarteko lege guztiak bortxatzen dituen jokabidea izan du elkartasunaren itsasontzien kasuan. Baina, hala eta guztiz ere, Iran da «nazioarteko komunitatea» deitzen den organo goren horren kezka nagusia. Interes geopolitikoak baztertuz gero, ikuspuntu ulertezina da, edonondik begiratuta ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo