«Konfiantzaz nere unerik onenean nago»
Aritz Lasa
Aspeko aurrelaria
Lehen finala duen arren, hartu duen joko boladak lasaitasun handia eman dio Urretxuko aurrelariari.
Txapeldunaren aurka jokatu behar...
Hala presio pixka bat kenduko dut gainetik. Faboritoa bera izango da eta nik ahal den ondoena egingo dut.
Zu behintzat sasoi onean iristen zara
Azken bi partidetan, bata banaka eta bestea binaka, oso ondo sentitu naiz eta uste dut txapelketako unerik onenean oraintxe nagoela eta ea aprobetxatzen dudan.
Inoizko unerik gozoenean agian?
Agian bai, konfiantzaz behintzat bai. Jokoz, aurkariaren arabera ez duzu mailarik onena ematen, baina aurrekoan Leizaren aurka ondo ikusi nuen neure burua, kolpez eta fresko.
Profesionalerako saltoa ematea kosta zitzaizuna ikusita, halakorik espero zenuen?
Afizionatuetan ondo nenbilen eta azkenean, kostata, frontisera pasatu nintzen. Orduan oraindik urrutiago ikusten duzu, baina aukera hau eduki nuen, eta uste dut goraka noala. Ez nuen espero baina hemen nago eta meritu propioz izan da.