Esne Beltzak «Noa» eman berri du, bidaiatzen jarraitzeko diskoa
Talde bidaiazalea da Esne Beltza, eta erritmo bidaia biziak proposatzen dizkigu, alaitasuna aldarri. Xabi Solano trikitilariak eta lagunek «Noa» diskoa plazaratu berri dute, Baga Biga zigiluan. Zuzeneko taldea izanda, jada errepidean dira berriro, etxean aurrena eta atzerrian gero, jo eta su. Bizkor bazabiltza, bihar bertan Ereñotzun entzungo dituzu.
Anartz BILBAO | BILBO
«Bidaiariak gara oso, eta gure nortasuna galdu gabe, kanpokoa ezagutu nahi dugu», esanez laburtu zuen atzo, DZ disko-jartzaileak taldearen grina.
Esne Beltza 2007an Hernani aldean eta Xabi Solanoren inguruan sortu taldeak «Noa» (Baga Biga) bigarren lana aurkeztu zuen atzo Bilbon, debuta Gaztelupeko Hotsak-en eman ostean. Gero, eta Esne Zopak izenpean «Esnesaltzailearena» trikitiaren inguruko egitasmo berezia plazaratu zuten, talde murritzean.
Ritxi Aizpuru, Baga Biga diskoetxeko arduradunetako baten esanetan, «kultura gutxituekiko errespetua aldarrikatzen du taldeak», eta beren bidaietan ezagutu dituzten makina bat herrietako erritmoak azaleratu dituzte, Aizpuruk «Basque Global Rebel & Roots» izendatu lan berrian.
«Noa»k hamazazpi kantu heterogeneo batzen ditu, horietako hiru zenbait ekimen babesteko sortuak: «Sortzen», propio GaztEHerria mugimendurako egina, Kilometroak egunerako «Hona bostekoa» kantua eta Donostiako Piraten «Revolutions piratak».
Gainerakoan, bidaiaren ideia etengabekoa darabil lanak, diseinutik hasita; igarobide edo pasaporte itxurakoa. Lana, esaterako, «Hommes et femmes de couleur» kantuak irekitzen du, gurera datozen etorkinak hizpide dituena. Eta euskara ardatz badu ere, makina bat hizkuntzari egiten dio bidea, ugaria izanik ere taldeak izan dituen laguntzaileak ere ugariak izan baitira. Ahotsetan, adibidez, Anartz, Gorka Urbizu (BTX), Bad Sound System eta umeei dagokionez, Nora Fraile, Xabier Goia, Julen Urtizberea eta Amaia Cuestak parte hartu dute, Euskal Herrikoak bertakoak, eta Cinderella (Jamaika), Flavio eta Rude (Italia), Mel (Kuba), Joni el Bola (Bolivia), Yage (Japonia), Ousmane (Senegal) eta Maroun Adolph & Charles Makriss (Beirut), atzerrikoen artean. Musika tresnetan ere, beste horrenbeste lagunek parte hartu du gainera.
Xabi Solanok sortutako musika eta Jon Garmendia Txuriak idatzi hitzak ardatz, «taldearen ekarpena izugarria izan da», esan zuen trikitilariak.
Kantuak grabatzeari orain urtebete ekin zioten, eta lanik mardulena hilabetez osatu badute ere, kontu honetan ere han-hemenka ibili dira, Jamaika, Beirut, Japonia eta, batez ere, Garate eta Paxkal Etxepareren estudioetan. Azken hau arduratu da ekoizpenaz, atzo aurkezpenean esan zutenez, «sekulako lana osatuz».
Japoniar kalejira
Iaz Japonian izan zen Esne Beltza zuzenean jotzen. Atzo Xabi Solanok esan zuenez, «bertan hasi ginen grabaketak egiten, horretarako hoteleko gela bat atonduta, bertan ziren musikari batzuei deitu... eta aurrera!».
Oroitzapenak ekartzen hasita, Fuji Rock jaialdi erraldoian bizi izandako esperientzia azaldu ziguten gero. «Zuzenekoak bukatu eta kalejira egin genuen goizaldean, japoniar aldra atzetik genuela, trikitixa eta panderoa lagun» -lurrera jaitsi eta jende artean jotzea omen da taldearen xedea, Solanok dioenez-. «Kuriosoa izan zen biharamuna -jarraitzen du Patxukok-, egunkariek Oasis-ek emandako zuzenekoaren berri ematen zuten azalean, eta azpian gu ageri ginen, kalejiran».
Bidaiari porrokatu, Esne Beltzakoak lehendik ere atzerrian ibiliak dira -Japonian, kasu- eta aurrerantzean ere, udan Euskal Herrian jo eta fuego ibili eta gero, datorren urtean atzerrira abiatu nahiko lukete, musika jotzera.
Taldea: Esne Beltza.
Diskoa: «Noa».
Diskoetxea: Baga Biga.
Zuzenean:
BIHA R, 22.00etan Hernaniko Ereñozun.
ETZI, 22.00etan Arrangoitzen.
«... ihesi noa, askatasunaren etorbidetik...», diskoari izena ematen dion kantua gitarraren laguntzarekin emanez bukatu zuen Xabi Solanok atzoko agerraldia, Txinoren break dantza erakustaldiarekin hasi zutena. Eta ondoren, mukuru beteta zegoen aretoan -zale andana agertu zen aurkezpenera- lana irekitzen duen «Hommes et femmes de couleur» kantuaren bideoklipa ikusi ahal izan genuen.
Izan ere, zerbait bada, zuzeneko taldea da Esne Beltza, «alaitasuna aldarri» duena erritmoetan. Gipuzkoarrek dagoeneko hogeita hamar hitzordu inguru lotuak dituzte Euskal Herriko uda berotzeko, eta datorren urtera begira, atzerrira jo nahiko lukete: Londres, Alemania... Argentina? A. B.