Munduko Bankuaren arabera, Estatu espainiarraren egoera oso larria da
GARA |
«Espainiako egoera oso larria da eta langabezia oso handia da», esan zuen atzo Munduko Bankuak. Erakunde honen arabera, Gobernu espainiarrak defizita gutxitzeko hartu dituen neurriak «bide onetik doaz». Horrela adierazi zuen munduko ekonomiaren aurreikuspenak aurkeztean.
Bestalde, Alemaniak eta Estatu frantziarrak finantza merkatuen arautegia azkar egiteko eskatu zioten Europako Batzordeari, eurogunean ezegonkortasuna suspertzen ari den espekulazioaren aurka borrokatzeko. Europako buruen gailurra egiteko astebete eta G-20 taldea elkartzeko bi aste falta direnean egin zuten adierazpen hori. Nicolas Sarkozy presidente frantziarrak eta Angela Merkel kantziler alemaniarrak Jose Manuel Barroso Europako Batzordeko presidenteari bidalitako eskutitz batean datorren uztailaren 13a baino lehen proposamen bat aurkezteko eskatu zuten. «Merkatuetan gertatutakoa kontuan harturik, premiazkoa da Batzordeak bere lana azkar bukatzea kontrol zorrotzagoa ezartzeko», esan zuten Merkelek eta Sarkozyk.
Hainbat produktu debekatu
Horien ustez, «ezinbestekoa» da hainbat produkturen gardentasuna suspertzea, batez ere, bono subiranoen zorpeko salmentena. Operazio horien bitartez, estatu batek igorritako bonoak saltzen dira, oraindik erosi gabe, beren balioa jaitsarazteko, eta euroguneko hainbat estaturen egoera larriagotu dute. Parisek eta Berlinek horrelako produktuak debekatzea proposatu zuten.
Europako Batzordeak erantzun epela eman zuen. Bruselaren iritziz, eskutitza ez zen kexu bat izan, bere asmoei emandako laguntza baizik. Hala ere, ez zuen zehaztu uztaila baino lehen finantza merkatuak arautzeko proposamena prest izango duen. «Azkar» lan egiten ari dela eta udan proposamen zehatzak aurkeztuko dituela esan zuen Bruselako eledunak.