GARA > Idatzia > Kultura

Kutxa Literatura Saria irabazi duten euskarazko lanak argitaratu ditu Alberdaniak

O. LARRETXEA | DONOSTIA

Mattin Irigoienen «Jendeen jende» eta Xabier Artolaren «Deception island» lanak argitaratu ditu Alberdaniak. Batak zein bes- teak 2010eko Donostia Hiria Kutxa Literatura Saria irabazi dute, eta argitaletxe batek euskarazko saileko irabazleen lanak zuzenean merkaturatu dituen lehendabiziko aldia izan da aurtengoa.

Harremanetan oinarritutako istorio bati esker eskuratu zuen Artolak ipuin arloko saria. «Argi izan nuen abiapuntua: pertsonen arteko harremanen bukaera; haien hondatzea kontatu nahi nuen, baina baita amaitutzat emandako harreman batzuk nola berpiztu daitezkeen ere», azaldu zuen Alkizakoak.

Egiazko bi gertakarik eman zioten mamia kokatzeko aitzakia. Batetik, Annapurnan hilda suertatu diren mendizaleak salbatzeagatik bizitzen diren muturreko egoerak izan ziren. «Beste gertakaria, orain 25 urte Kolonbiako Armero herrian izan ziren uholdeetakoa da. Omayra Sanchez deitutako neskatoak hiru egun eman zituen lokatzetan harrapaturik eta ezin izan zuten salbatu, eta telebistek bitartean haren heriotza munduan zehar zuzenean eskaini zuten». Hau guztia nola lotu eta uztartu dituen ez zuen azaldu Artolak, «ez baitut ipuina aldez aurretik zapuztu nahi».

Antzerkiaren atalean izendatu zuten garaile Mattin Irigoien ainhiztarra. Jakinaren gainean dago honako hau oso genero «zaila» dela, are gehiago euskaraz egiten bada: «Idaztea soilik erronka handia da». «Ez dago irakurzale gehiegi -gaineratu zuen-, eta publikatzeko ere zailtasunak handiak dira». Kutxako Gizarte Ekintzako Mikel Irizarrek baieztatu zuenez, ahaleginetan ari dira irabazle suertatzen den antzerki lana taularatua izateko: «Literatur sari hauen alde eman nahi dugun urratsetako bat da honakoa, izan ere, honen aldeko apustua erabatekoa da», zehaztu zuen.

«Jendeen jende» lanean komedia topatuko du irakurleak, autorearen aburuz, genero «konformista»: «Mundu idiliko bat irudikatzen da. Tartean hori guztia hankaz gora jartzen duen elementua sartzen bada ere, amaiera ona izaten dute», azaldu zuen.

«Erretiroa hartu eta sorterrira bueltatuko da izeba, zuhaitz genealogikoa egina duela. Etxekoek ezin dute elkar jasan, beraien arteko gatazkak azalera aterako dira, eta orduan agerian geldituko da jendearen inkomunikatzeko gaitasuna», baina krisi egoera hauek umorez marraztuko ditu Irigoienek. Azkenik, eta azken minutuan, inork ez badaki ere, familiako bat agertuko da diaspora urrunetik...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo