GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lakuak euskarari garrantzi eskasa ematen diola salatu dute

Hezkuntza eta kultura arloko 100 bat eragilek Gasteizko Gobernuaren hizkuntza-politikaren kontrako manifestaldia deitu zuten Donostian. Horrez gain, lan eskaintza publikoetan «euskarak merezimendu gisa duen balioa duela hamar urte baino txikiagoa» dela salatu zuen Behatokiak. Bestalde, Patxi Lopezek euskararen egoera hobetzeko ahaleginak egingo dituela eta «Euskara 21» agiria garatuko duela adierazi zuen Gasteizen.
p017_f02.jpg

Nagore BELASTEGI |

Gasteizko gobernuak euskarari garrantzi eskasa ematen diola salatu zuten bi ekimenetan, atzo, Donostian. Alde batetik, 100 bat eragilek «Euskal Herriak behar duen hezkuntzaren alde» agiria sinatu zuten eta Lakuako Gobernuaren hizkuntza-politika salatzeko manifestaldi deialdia egin zuten ekainaren 26rako. Bestetik, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak euskarak lan eskaintza publikoan duen balorazioa aztertu zuten eta euskaraz jakiteko betekizuna duela hamar urte baino txikiagoa dela ondorioztatu zuten. Gasteizen, berriz, Patxi Lopez lehendakariak esan zuen euskarak gaztelaniarekiko duen «asimetria» zuzentzeko ahalegina egingo duela bere Gobernuak.

Hezkuntza eta kultura arloko 100 bat eragilek, Ipar eta Hego Euskal Herrian euskarak eta hezkuntzak bizi duten egoera salatzeko, «Euskal Herriak behar duen hezkuntzaren alde» agiria sinatu zuten. Gainera, Gasteizko Gobernuari azkenaldian hartu duen bidea uzteko eskatu zioten, euren ustez, Lopezen Gobernuak hezkuntzan urteetako lanaz lortu den adostasuna hautsi baitu. Ideia hori kaleratzeko datorren ekainaren 26an manifestaldia deitu zuten Donostian.

Hezkuntza eta kultura arloko eragileek Lakuak «euskara gutxiesten» duela salatu bezala, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak ere, urteko balantzearen barruan adierazi zuen euskarari ez zaiola duen garrantzia ematen. Alde horretatik, Garbine Petriatik, Behatokiko zuzendariak, esan zuen «kezkagarria» dela, euskara jakiteko betekizuna ez duten lanpostuetan hizkuntzari ematen zaion balioa duela hamar urte baino txikiagoa delako. Petriatiren esanetan, administrazio publikoak euskalduntzea premiazkoa da euskararen normalizazioan. Petriatik salatu du euskal hiztunari ukatu egiten zaiola euskara eguneroko bizitzan erabiltzeko eskubidea eta instituzioek ez dutela hizkuntz eskubideen babeserako mekanismorik abian jartzen. Zuzendariaren esanetan, administrazio publikoak euskalduntzeak berebiziko garrantzia du euskararen normalizaziorako.

Behatokiko kudeatzaile Arantza Haranburuk, berriz, euskararen eskubideak ez urratzeko irtenbide bakarra lanpostu guztiei derrigortasun data ezartzea dela adierazi zuen.

«Euskara 21»

Euskararen Aholku Batzordeak Patxi Lopez lehendakaritzara iritsi zenetik lehenengo bilera egin zuen Gasteizen. Lopez bertan izan zen eta euskararen eta gaztelaniaren arteko desberdintasunak zuzentzeko asmoa duela esan zuen, baina era «orekatuan eta bazterketarik gabe». «Euskara 21» dokumentua garatuko duela ere esan zuen, horrela euskara lan arloko hizkuntza bilakatuko delako. Horrez gain, euskal gizarte elebidunean aurrera egiteko euskal hiztunen eskubideak kontuan hartuko dituela esan zuen Lopezek.

Oposizioak

Administrari, administrari laguntzaile eta menpeko langileentzako 419 lanpostuko maiatzeko deialdian 254 postuk soilik zuten hizkuntz eskakizuna egiaztatzeko derrigortasun data.

Merezimendua

Hizkuntza-eskakizunik ez duten Ertzaintzako lanpostuetan, euskarak, merezimendu gisa, %5 eta 20 arteko balioa izan dezake. Apirileko deialdian %9,09ko balioa besterik ez zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo