GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Goiherri taldeak oso gertu dauka txapela 640 kilokoan

Bigarren jardunaldiaren ostean, bizkaitarrek bi punturen aldea atera diote Mutrikuko taldeari.

p034_f02.jpg

Jon LEUNDA

Goiherri taldeak 640 kilokoan ia eskuetan dauka txapela, nahiz eta oraindik jardunaldi bat geratzen den pisu honetako txapelketa amaitzeko. Izan ere, jadanik bi puntuko aldea atera dio bigarren postuan dagoen Mutriku taldeari, eta orain artekoa ikusita, badirudi dena erabakita dagoela.

Erandion, Martiartu auzoan, jokatu zuten 640 kilokoan bigarren jardunaldia, eta jende dezente inguratu zen saioa ikustera. Lehen jardunaldian Goiherri nagusi izan zen, eta bigarrengoan ere gauza bera gertatu zen, saioko tiraldi guztiak bereganatu baitzituen lehen postuan amaitu ahal izateko.

Bigarren postuan Mutriku sailkatu zen. Gipuzkoarrek oraingoan ezin izan zuten Goiherri menderatu, baina gainerako tiraldi guztietan garaile atera ziren, eta amaieran bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten.

Areso sailkatu zen hirugarren postuan. Nafarrek Goiherrirekin eta Mutrikurekin galdu egin zituzten jokatu beharreko bi tiraldiak, baina gainerako tiraldi guztiak irabazi egin zituzten, beste talde guztiak mendean hartu baitzituzten.

Gaztedi sailkatu zen laugarren postuan. Laukizko tiralariek mendean hartu zituzten Getxokoak eta Goiherri B taldekoak, baina Goiherrirekin, Mutrikurekin eta Aresorekin galdu egin zuten, eta ezin izan zuten laugarren postu hori gainditzeko modurik egin.

Bosgarren postuan sailkatu zen Getxo. Bizkaitarrek Goiherri B taldeari bakarrik irabazi ahal izan zioten, eta gainerako guztiekin galdu egin zuten. Azken postuan, berriz, Goiherri B sailkatu zen, jokatutako ekinaldi guztiak galdu ostean.

Puntuetan, eguneko sailkapena honela geratu zen: lehenengo Goiherri A, 6 punturekin; bigarren Mutriku, 5 punturekin; hirugarren Areso, 4 punturekin; laugarren Gaztedi, 3 punturekin; bosgarren Getxo, 2 punturekin, eta azkena Goiherri B, puntu bakar batekin.

Bi jardunaldiren ostean, berriz, honela geratzen da sailkapen nagusia: Goiherri A taldea doa lehen postuan, 12 punturekin. Bigarren, berriz, Mutriku doa,, 10 punturekin; hirugarren Areso doa, 7,5 punturekin; laugarren Gaztedi, 6,5 punturekin; bosgarren Getxo doa, 4 punturekin, eta azkeneko postuan, berriz, Goiherri B geratzen da, 2 punturekin.

Pisu honetan azken ekinaldia datorren igande eguerdian jokatuko dute Aian, eta orduantxe argituko dira erabat pisu honetako kontuak, gauzak dauden moduan egonda, Goiherrik irabaziko duela badirudi ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo