GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Anexioaren aurka, harresia

Estatu espainola abertzaletasunaren aurkako era guztietako erasoa inposatzen ari da Ipar Euskal Herrian, anexioa

Israelek nazioarteko itsaso eremuetan ere legea egiteko gai dela erakutsi digu. Inongo lotsarik gabe Gazara giza laguntza eramatera zihoan itsasontziari eraso eta itsasontziko jendea hil, zauritzera igorri zituen tropak. Beste herri batek, honen laurdenaren egitera menturatu balitz, erantzun militarra berehala jasoko luke. Israel palestinarren lurra hartzera joaten da, palestinarrei maila guztietako erasoak egiten dizkie, gure begien aurrean gerla irekia darama eta Europar Batasunak harreman laguntzaileak ditu Israelgo Estatuarekin, honek duen ekoizpena gure lurraldeetan saltzeko. Europako merkatua irekitzen zaio gutxieneko giza eskubideekiko errespeturik ez duen Estatuari. Estatu frantsesak ez du zigorrik eskatzen nazioarteko legeak errespetatzen ez dituen Estatu horren aurka.

Hemen irudi bereko egoera ikusten ari gara. Noski, Palestina eta Euskal Herriko karriketako errealitateak desberdinak dira. Hala ere, azken urteetan Estatu espainolak pixkanaka Ipar Euskal Herriko lurraldearen anexioa gustura eginen lukeela argi dago. Hegoaldeko Poliziaren parte hartzearekin hasi zen, hemengo abertzaleen aurkako inkestetan. Informazioa pasatuz hasteko, gero ofizialki muga pasatuz jendea jarraitzeko, ondotik antena jarri zen Hendaian, Polizia indar desberdinenzat kolaborazioaren jarraipen seguraren izateko. Harrigarriena izan zen ondotik kaputxadun polizien agerpena etxe miaketetan, komisarietan hegoaldeko Poliziaren parte-hartzearekin galdeketetan eta azkenik, Jonen desagerpena.

Frantses politikariek diote gatazka Estatu espainoleko arazoa dela, hori dena kolaborazioaren aldeko antolaketa bat, han den arazoaren aurka joateko laguntza ekartzeko bide egokia. Pixkanaka kolaborazioa Estatu espainolaren alde jartzen ari da, hango erabakiak nagusitzen ari dira, hemengo egiturak Estatu espainoleko politikaren zerbitzurako ari dira lanean.

Euroaginduaren inguruan erabilitako bultzadak ia Estatu espainolaren ahalmena Ipar Euskal Herriaren anexioa ematen zuen, ez baitzuen eremua desberdintzen. Estatu espainolaren nahikeria inposatzen zen hemengo legearen aurrean.

Lurralde honendako hemengo politikariek ez dute proiekturik eta krisiaren aurrean Parisek manatzen duena goaitatzen dute. Noski Poulou jauna entzun dugu, baina soldata ordaintzen dion alderdiaren aurrean men eginen du, interes pertsonalek nagusitzen baitira diputatuaren kasuan.

MAMek anexio hori nahiko egokia ikusten du, merke ateratzen baita horrela Ipar Euskal Herriko zainketa politikoa.

Anexio honi muga zerbait eman zaio Aurore Martinen euroagindua ukatua baita. Udalbiltzaren auzian Xarlo Etxezaharreta auzipetua da. Udalbiltzaren aurkako auzia eraso politiko hutsa da, politika egiteko bide berria, tokiko lurraldeek dituzten beharrei erantzuteko nahikeriatik egindako lana baita Udalbiltzarena. Noski helburu politikoarekin, baina aukera politiko berrien proposatzea edozein demokraziako ibilmolde arrunta da.

Estatu espainola abertzaletasunaren aurkako era guztietako erasoa inposatzen ari da Ipar Euskal Herrian, anexioa. Harresia indartu behar dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo