Kronika | eskola txikien jaia, Altzon
Mehatxuak mehatxu, bizirik daudela ohartarazi zioten Lakuari
Eskolarik gabeko herria zaila da imajinatzen, eskola baita herriaren bizitasunaren oinarri eta etorkizunaren berme. Hala nahi ditu Lakuak ordea, Larraul, Zubieta eta Itziar, Lehen Mailako ikasketarik gabe, umerik gabe. Erantzun ozena jaso zuen atzo Altzon Isabel Celaak, Hezkuntza sailburuak, Eskola Txikiak elkarri lagunduta Altzo Handia bezain indartsu egin daitezkeela frogatuz.
Oihana LLORENTE
Eskola bidean, jolastorduetan edota txirrina jo ondoren etxerako bidean doazela umeen irri eta algarek herriari kolorea ematen diote. Pentsa, bestela, umerik gabeko kale eta enparantzetan, jolasik eta abestirik gabeko parke goibel eta ilunetan...
Bizi garen mundu globalizatuan gainera, herri txikiek berezkoa duten bizitasuna mantentzeko eskola ezinbestekoa dute. Eskola baita belaunaldien arteko zubi lana. Etorkizuneko herritarrak naturarekin harreman zuzenean eta familia giroan hezten dituena, eta finean, geroa bermatzen duen zilbor-hestea.
Larraul, Zubieta eta Itziarren zilbor-heste hori moztu nahian dabil Lakuako Gobernua, Hezkuntza Sailak aste honetan bertan adierazi baitu, datorren irailetik aurrera, Lehen Hezkuntzako ikasketak ezin izango direla hiru eskola horietan gauzatu.
Eskola Txikiak oso haserre agertu dira Isabel Celaaren erabakiarekin eta hala jakinarazi zioten atzo euren egun handian, Eskola Txikien Jaialdian.
Altzon bildutako jende andanak dei ozena egin zion Lakuari Eskola Txikien aldeko apustu sendoa egin eta arriskuan diren hiru eskola txikien hezkuntza proiektuak irailean martxan jar ditzan.
Makina bat lagun bildu zen atzo Altzon «Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik» lelopean ospatutako jaialdian. Herriko plaza txiki geratu zen 10.30erako. Gainezka zetozen oraindik antolatutako autobusak, Alegia zein Tolosatik, eta iritsi berriek kostata aurkituko zuten lekua bete-bete eginda zegoen plazan, denak adi-adi hasierako ekitaldiari.
Eskola txikietako protagonistak, haurrak izan ziren oholtzara igotzen lehenak, bertaratutako guztiei bertsoen bidez harrera egiten. Urduri zeuden umeak, eskailera alboan euren txanda noiz iritsiko zain, ondoan zituzten gurasoak ere ez ziren atzean geratzen eta hainbestetan entseatutako ikuskizuna ikusteko irrikan ziren.
Gipuzkoako eskola txiki guztietako ikasleak pasatu ziren oholtzatik, baita Lemoizko ikasle bizkaitarrak ere. Bertsoekin batera, ikasgelan mimoz prestatutako oroigarria eskainiz. Herritar guztien txanda iritsi zen ondoren, okasiorako prestatutako abestia kantatzeko txanda. Koreografia eta guzti zuen, trikiti doinu eta txaloez lagunduta «Lehen txiki ginenok/ ia handi gara/ askoz ere handiago/ zu batzen bazara» zioen kantak. Egun osoan zehar megafoniatik zabaldu zuten abestia.
Ekitaldia amaituta, herrian barrena banatu ziren herritarrak, bazegoen-eta zer ikusi eta zerekin disfrutatu. Egun osoko festa izan zen atzokoa, goizetik gaueko 22.30era artekoa. Puzgarriak, bertsolariak, erromeria eta Pirritx eta Porrotx ere tartean izan ziren.
Bildutako jendea zela-eta, pozik agertu zen Maixa Lizarribar, Altzoko Imaz Eskola Txikiko ama, aurreko egunak zerura begira urduri pasa zituela aitortu arren. Irailean ekin zioten lanari, eta lan handia izan den arren herri osoak parte hartu duela nabarmendu du guraso honek. «Festa usaina aspaldi nabari zen», gehitu du esker onez.
Jaialdiarekin ez dute dirua biltzeko asmorik, «festa egitea da asmoa, ez dugu proiekturik egiteko, dugun eskola zoragarria da-eta», adierazi du harro ama honek.