Josebe Egia
Funtsezko bi aspektu
Artikulu hau idazten ari naizen une honetan, azken 24 orduetan Ertzaintzak 5 gizon atxilotu ditu genero-indarkeria delituengatik. Erasotzaileetariko bat izan ezik, denak dira 36 urtetik beherakoak. Kasu horietako hirutan, biktimak salatuak zituen tratu txarrak aurretik ere.
Datuok aintzat hartzeko modukoak direla uste dut, emakumeen kontrako indarkeriari dagokionez behin eta berriro errepikatu eta joera argi bat adierazten duten heinean, eta aurre egiteko baliatzen ari diren tresnen eraginkortasun edo nahikotasun eza erakuts diezaguketelako.
Batetik, erasotzaileen gaztetasunak biziki kezkatu beharko gintuzke. Emakumeen kontra bortxakeria erabiltzen duten gizonak ez dira antzina-antzinatik eratorritako iragan hurbileko mentalitate matxistan hazi direnak baino ez, alegia, «emakumea sukaldean eta gizona kalean» puruena aldarrikatu eta emakumeon aldaketei eta egungo errealitateari aurre egin ezinean dabiltzanak. Horiek badira, baina horien ondorengoak ere bai, eta neurri oso handian, gainera. Mentalitate horren transmisioa -bestelako itxurapean gauzatuta- gertatzen ari dela ukaezina da, baina egungo gizarteak ere emakumeari eta gizonari esleitzen dien leku eta posizioak horretarako bidea ematen segitzen duela ere bai. Litekeena da egungo gazte batek eztanda egin eta bere bikoteari irainka lau ostikada emateko edo labana atera eta edozeinen aurrean mehatxatzeko edo erasotzeko arrazoiak aurreko belaunaldikoenen oso bestelakoak izatea, baina emakumea umiliatzeko, menderatzeko eta nahi erara tratatzeko grinak bere horretan dirau. Ustez berdintasunean hazi diren gizonez ari gara, ustez balio eta ideia aurrerakoi eta justuagoetan heziak. Emakumearekiko aurrez aurreko harremanean, ordea, ez dute eurengan horren guztiaren inolako aztarnarik erakusten. Erasotzaileen, eta biktimen, gaztetasunak eta horrek atzean duen guztiak azterketa sakona, sakonagoa, behar dutelakoan nago.
Bestetik, eta kasu onenetan, salaketak, epaiak, neurriak... daude. Lehenik eta behin, biktimaren segurtasuna eta ongizatea bultzatzera bideratuak, delitugileari zigorra ezartzearekin batera. Baina kontu zehatz honetan jakina da egin beharreko lanak askoz ere harago joan behar duela. Biktimaren egoera psikologikoa, batik bat, oso ahula izan ohi delako, ikuspegia galduta, bizitzan desorientatuta, harremanetan kateatuta. Eta indarkeria eta duintasun ezan murgilduta baino, amodiozko pasio-istorio eroan sartuta sentitzen delako. Non damua eta barkamena, gorteiatzea, adiskidetzea eta bigarren, hirugarren eta laugarren aukerak benetako maitasunaren osagaitzat jotzen dituelako. Denbora batez. Bere borreroak berriz ere bere buruarengan konfiantza bereganatu eta bikotea noraino estu eta mendera dezakeen egiaztatzeko gogoa izan arte. Zigor eta prebentzio-neurriez gain, biktimak prestatzen eta beren buruarekiko maitasunerantz bideratzen ere lan handia dago egiteko. Argi eta garbi ikusten ari baikara egun egiten ari garen modua ez dela nahikoa, edo nahikoa izanda ez garela behar besteko indarra eta lehentasuna ematen ari.