GARA > Idatzia > Ekonomia

Parisek herritarrei aurrezteko deia egiten die, energiaren tarifak emendatzen dituen bitartean

Energia, batez ere gasa eta argindarra, hizpide izan dira aste honetan Baionan, SDEPAk (Pirinio Atlantikoetako energiaren sindikatua) antolatu jardunaldietan. Kudeatzaileak, hornitzaileak, hautetsiak eta kontsumitzaileen elkarteak energiaren merkatuaz eta aurrezteko beharraz aritu dira.

p022_f01177x108.jpg

Arantxa MANTEROLA

Trenarekin edota postarekin batera, 1946tik duela urte gutxira arte, Estatu frantseseko zerbitzu publikoaren ikurrak izan dira elektrizitatea eta gasaren hornikuntza. Egun, lehenak soilik segitzen du erabat Estatuko enpresa izaten, gainerakoak pribatizatu eta merkatuaren legera irekiak izan baitziren.

Gaz de France (GDF) sozietate anonimoa bilakatu zenetik, Estatua akzioen %35en jabe da (lehen %80 zuen). Suez taldeak ditu besteak. EDF argindarraren enpresari dagokionez, egun, %80 Estatuaren kontrolpean dago. 2007ko uztailean bi gaien hornikuntza liberalizatu zelarik, hainbat enpresa berri sortu zen eta erabiltzaileek «eskaintza ezin hobeak» jasotzen hasi ziren. Alta, hiru urte geroago, Gobernuak legea egokitu egin behar izan du zerbitzuaren eta tarifen inguruan desmasia askotxo izan direlako. SDEPAk berak, energiaz arduratzen den bitartekariaren txostena aipatuz, nabarmendu zuen, oro har, GDF-Suez eta EDF izan direla erreklamazio gehien jaso dituztenak.

Egia esateko, normala ere bada. Izan ere, bi enpresok erabiltzaile multzo handiena izaten segitzen dute. Zehazki, 30 milioi erabiltzaileen %95ek argindarra EDFn bidez jasotzen jarraitzen dute. GDF-Suez-ek, berriz 11 milioi gas-kontratuen %94 atxikitzen du.

Itzulgarritasuna

Alta, tarifa edo zerbitzu erakargarriagoen eskaintzak bultzatuta beste hornitzaileengana jo ostean, zerbitzuarekin pozik ez zirenek ezin zuten tarifa arautuak dituzten betiko hornitzaileengana itzuli. Soilik etxebizitza erosi edo alokatzerakoan zuten haiekin berriro kontratua egiteko eskubidea. Orain egun batzuk argitaratutako legeak, ordea, prezio arautua duen gas hornitzailearengana itzultzea ahalbidetu diete, kontratua sei hilabeteko epean eginez gero. Argindarraren kasuan, urte bukaera arte zabaldu da eskaera egiteko epea. `Nome' legeak (elektrizitatearen merkatua antolatuko duen lege berria) finkatuko du, besteak beste, itzulgarritasun printzipio hori, baina, ziur asko, Asanblea Nazionalak ez du udazkenera arte onartuko.

Prezioa ezartzerakoan zerikusi zuzena duten hiru osagaiak azaldu zituen Bernard Auge GDF-Suezen Akitaniako arduradunak. Batetik, erauzketa sarea, Estatuaren monopolioa izaki, berak zuzenean edo berak eskuordetutako sektore pribatuko egiturek kudeatzen dutena. Hornitzaile pribatuek eremu horretan jokatzen ahal dute prezio hobeak lortzeko. Bestetik, bideratze-gastuak, ordaintzen den fakturaren %50 gutxi gorabehera osatzen dutenak eta katearen eragile guztientzat berdinak direnak. Azkenik, hornikuntza-salmenta. Esparru horretan du eragin handiena merkatuaren liberalizazioak.

Prezioak eta yo-yo efektua

Kostu horiek guztiak kontuan hartuta finkatzen da salneurria. Tarifa arautuak finkatzeko modua, ordea, ez da egokiena Augeren ustez: «Balio batean oinarrituz moldatzen da, zehazki, petrolioaren kupelarenaren arabera. Horrek eta beste faktore batzuek, yo-yo eragina dute, eta maiz, era artifizialean gora edo behera egiten dute tarifek».

Bestalde, gasa eta argindarraren artean bada desberdintasun nabaria. Lehena lortzeko, egun, orain hogei urte ez bezala, hau da Lacq-eko iturria agortzen hasi aurretik, gero eta urrutirago jo behar da (Siberia, Aljeria, Egipto...). Ondorioz, bideratzeko azpiegituren kostuak garestitu egiten du gasa. Denen iritziz, joera hori, gainera, areagotu egingo da datozen urteetan.

Elektrizitatea, berriz, ezin da biltegiratu eta kontsumoaren arabera ekoiztu behar da. Beraz, produkzio sistemaren araberako kostuak ditu. Estatu frantsesak aspaldian energia nuklearraren alde egin zuen apustua baina bere zentral nuklearren parkea eraberritzeko premia bizia du.

Makroekonomiako elementu horiek prezioen gorakaden zergatia azaltzeko balioko dute, baina ez, haatik, kontsumitzaile soilaren haserrea eta kezka baretzeko, batez ere, ondoko asteotan aurreikusten diren tarifen gorakadak gauzatzen badira. Gasaren prezioa apirilean %9,7 emendatu ostean, udan beste %5 garestituko delako zurrumurrua gero eta gehiago zabaltzen ari da. Elektrizitatea ere, potentzia txikiak kontratatuak dituzten partikularrentzat (20 milioi etxe) garestitu egingo da, bai abonamendua (+ %10) bai kilowattaren prezioa ere (+ %3).

Energiaren merkaturatzearen esparruan arazo bakarra ez dira tarifak, jakina. Baina, egungo gizartean ezinbesteko bilakatu diren gai horiek gero eta garestiago izango direnez, «aurreztea, gutxiago eta modu hobean kontsumitzea eta iturri berriztagarriak plantan ezartzea» da, adituen esanetan, bide bakarra. Aholku horiei beste bat gehitu beharko litzaioke. Merkatu «askea» gidatzen duen diru-goseari muga jartzea, alegia.

 
EDFn

Merkatua ireki bazen ere, erabiltzaile gehienek betiko hornitzailearekin segitzen dute. Gasaren kasuan, %94k GDF-Suez enpresarekin dute kontratua.

Kontagailu «adimentsuak» erabiltzaileentzat lagungarriI?

ERDF, elektrizitatearen banaketa-sarea kudeatzen duen enpresa, Linky izeneko 300.000 «kontagailu adimentsu» esperimentatzen ari da Lyon hirian eta Poitiers inguruko landa eremuetan.

Neurketa zehatzagoak izateko, kontsumoa erregulatzeko, datuak gordetzeko, urrutitik galdekatzeko, eta oro har, erabiltzaileak hobeto informatuak izateko balioko duelakoan egiten ari dira proba horiek.

Alta, aparailu garestiak izateaz gain, sistema berriak, egiaz, erabiltzailearen mesedetarako izango diren ala enpresen fakturazioa errazteko balioko duten zalantzan jarri zuten Baionako jardunaldietan. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo