GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala

Uste baino errazago estali zuen Azpeitiak bere zuloa

Urolakoek hirugarren txapela eskuratu zuten atzo, jubenil eta nagusietan Hernaniri aise irabazita.

p035_f02_444x444.jpg

Jon ORMAZABAL

Azpeitiko jubenilek eta nagusiek, Etxaniz-Aizpuru eta Larrañaga-Uzkudun bikoek, uste baino dexente errazago gainditu zituzten taldeak kadeteetan txapelketa osoan erakutsitako gabeziak -ez dute partidarik irabazi-, eta Azpeitiak bere historiako hirugarren txapela jantzi zuen atzo Atano III.ean Hernaniko taldeari 2-1 irabazita. Dena dela, Herriartekoan maila guztietan bikoteak atera ahal izatea izaten da herri askoren arazo nagusia eta horrexegatik Aizpuru-Eizmendiren ausardiak eta kemenak ere txapelaren parte handi bat merezi dute.

Txapela nora joango zen goizeko azken partidaraino erabaki ez zen arren, Gipuzkoako Herriarteko finalari emozioa falta izan zitzaion, hiru partidak azkarregi erabaki baitziren ikuskizuna betea izateko.

Espero bezala, kadeteen partidan ez zen lehia handirik izan, nahiz eta Azpeitiko Aizpuru eta Eizmendik partidaren lehen tantoetan hernaniarrei eutsi, markagailuan 5-3 joateraino. Dena dela, pronostiko guztiek Hernaniko Leonet eta Murgiondo jotzen zituzten faborito garbitzat, eta ez zuten arazo askorik izan pronostiko guztiak 22-8ko emaitzarekin betetzeko. Aipatzekoa izan zen hernaniarren aurrelariak bederatzi tanto egin zituela sakez.

Jubeniletan ere ez zen sorpresarik egon, izatekotan, Azpeitiko Etxaniz eta Aizpuruk Hernaniko Azpitarte eta Izagar, normalean biak atzean aritzen direnak, horrenbesteko aldeaz irabazi izana: 6-22. Hemen ere sakearekin min handia egin zuten irabazleek, zazpi tanto.

Elkar ondo ezagutu

Aurreikuspenak beteta, nagusien mailan erabaki zen txapela, eta hor ere emozioa falta izan zen. Partida bikaina osatu zuten Larrañagak eta Uzkudun azpeitiarrek -urte mordoxka bat daramate elkarrekin jokatzen- eta bikotearen sendotasunak ez zien batere aukerarik eman Ojuel eta Gorrotxategiri: 9-22.

Hernanikoen atzelariak bi hilabete zeramatzan arazo fisikoengatik pilotalekuetatik at, eta hasiera-hasieratik ikusi zen deman Azpeitia nagusituko zela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo