GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Hamaika Telebista Euskal Herri osora zabaldu da Interneti esker

Orain dela urtebete pasa Bilbon sortutako euskarazko tokiko telebista txikia hazten eta hainbat edukiz hornitzen ari da pixkanaka-pixkanaka. Bi mahai-inguru berri hasi dituzte ekainean eta Internetera jauzi eginez, seinalea Euskal Herri osora hedatzea lortu dute.

p043_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA
 
Telebistan ikus daitekeen programazio berbera aldi berean Interneten ere ematen hasi da Hamaika Telebista. Bai Lurreko Telebista Digitalaren bidez, bai Euskaltelen bidez emititzeko aukera dute Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, eta Interneteko urrats hori hagitz garrantzitsua izan da eurentzat Nafarroara eta Ipar Euskal Herrira ailegatzea ahalbidetu dielako.
 
Programazioan ere badira berrikuntzak, bi saio berriri ekin baitiete ekainean. Jada abian dago Hamaika Donostia, eta irailean hasiko dira programazio finko batekin. Baina, Naroa Iturri bertako zuzendariak kontatu digunez, orain keinu txiki bat egin nahi izan dute jendeak Donostian daudela suma dezan eta horretarako bi mahai-inguru jarri dituzte martxan. Alde batetik, “Hamaikakoa” izenekoa, astelehenetan 22.15ean emititzen dena. Realaren ingurukoa da, euskaraz egiten den lehena. Azken hiru partidetako txanpa honetan egon nahi izan dute, Realaren igoeran, zale txuri-urdinek beren taldearen inguruko kontuak euskaraz ikus ditzaten. Inaxio Esnaola da aurkezlea, Hamaikako lankidea eta kirol kazetaria, eta horrez gain, hainbat kolaboratzaile dituzte platoan: Mikel Lasa, Joseba Iturria, Aitor Manterola, Haritz Zubiaur... Astero txandakatuko dira bai gizonak, bai emakumeak Realaz mintzatzeko, eta irailetik aitzinera nesken taldeari ere emanen diote garrantzia.
 
Bertze mahai-ingurua “Esatea libre” da. Bertan, GARA, “Berria” eta “Deia” egunkarietako kideak egonen dira, asteartetan 22.15ean. Bihar Euskal Herriko egoera politikoaz hausnartuko dute. «Hutsune bat zegoela ikusten genuen, gaiez sakon hitz egiteko eta denen iritzia izateko. Guk jende berria sartu nahi dugu, iritzi ezberdinak, eta ateak irekiak ditugu», adierazi du Iturrik.
 
Hurrengo pausoa, Bilbon bertako gaiak jorratzen dituzten bezala, irailetik aurrera Donostialdeko informazioarekin magazin bat egitea izanen da, herritarrek lekua izan dezaten.
 
Jendearen harreraz galdetuta, batzuetan beldurra ematen duela erantzun digu Hernaniko kazetariak. «Telebista berri bat ikusteko irrikaz sumatzen ditugu. Ikusten gaituzte eta askok zoriontzen gaituzte, baina badakigu xume gabiltzala eta gauza asko dugula hobetzeko eta egiteko». Anitzek ezin dituzte tokiko telebistak ikusi LTD izanda ere eta horiei antenan anplifikadore bat jartzea gomendatu die. Bertze tokiko telebistak ikusten badituzte eta Hamaika ez, telebista birsintonizatu behar dute.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo