GARA > Idatzia > Kultura

«Uste izan dugu Bizkaia zela mendebaldeko euskalkiaren ardatza, baina Gasteiz da»

p040_f01_234x135.jpg

Koldo Zuazo

Euskal Filologiako Katedraduna

Koldo Zuazo (Eibar, 1956) EHUko irakasleak euskalkiei buruzko ikerketa asko egin ditu. Argitaratu berri duen «El euskera y sus dialectos» liburuan teoria berritzaile baten oinarria azaltzen du, zeinen arabera euskalkiak Erdi Aroan sortu ziren, hasierako sorburuak Iruñea eta Gasteiz izan zirelarik.

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Zein da liburuak egiten duen ekarpena?

Gehienbat, azkeneko bi kapituluak. Euskalkien jatorriaren gainean aritu naiz. Euskalkiak non sortu diren eta leku bakoitzean zer sortu den erakutsi dut.

Lehendik ere landutako gaiak dira, zer berrikuntza daude?

Euskalkien jatorriaren gainean gauza gutxi esan da. XVIII. mendean Larramendik aditzera eman zuen euskalkiak euskararekin batera sortu zirela. Gero, XX. mendearen erdialdean, Caro Barojak gehienbat, euskalkiak antzinako leinuekin lotu zituen. Harrezkero, ikuspegi horixe da hemen eta hemendik kanpo nagusitu dena. Hala ere, Mitxelenak artikulu bat plazaratu zuen 1981ean, hori ezinezkoa zela esanez, gaur egungo euskalkiak oso antzekoak direla, eta ezin direla zaharrak izan. Gainera, latinetik sartutako hitzek euskalki guztietan bilakaera berbera egin zutela ikusi zuen, eta hori ez zen gertatuko baldin eta euskalkiak ordurako zehaztuta egon balira. Bi arrazoi horiei nik hirugarren bat gehitu diet: mendebaldeko eta Zuberoako euskalkiak kenduta, gainerakoak oso antzekoak direla.

Lehen sorkuntza gune bezala Iruñea jartzen duzu, baina ondoren Gasteiz aipatzen duzu.

Iruñea ez da inorendako ezustekoa. Aldiz, Araba eta Gasteiz ez ditugu orain arte aintzakotzat hartu. Beti uste izan dugu Bizkaia zela mendebaldeko euskalkiaren ardatza. Burundan -Nafarroan- nengoela konturatu nintzen hori ezin zela horrela izan. Burundan gauza asko Bizkaian moduan esaten dira. Baita Ameskoan eta Lanan ere, eta ezinezkoa edo, behintzat, oso zaila da Bizkaitik hara joatea; askoz errazagoa da Gasteiztik joan zirela pentsatzea. Orain arte askotan esan da Bilbo zela euskalkiaren sorgunea, baina Bilboren handitasuna XIV. mendekoa da eta ordurako mendebaldeko euskalkia garatuta zegoen.

Geroagoko beste hiru berrikuntza guneri buruz hitz egiten duzu: Bizkaiko erdigunea, Zuberoa eta Nafarroa Beherea, eta Gipuzkoako Beterri eskualdea.

Bi hiri nagusien ondoren, ekialdean Zuberoan edo Nafarroa Beherean sortu ziren gauza berri asko. Bestalde, Iruñetik Gipuzkoako itsasbazterrera doan bidea dago. Uste izatekoa da hortik ere zabalduko zirela hizkuntza modak. Beste bide esanguratsu bat ere badago: Gasteiz Bizkaiko itsasbazterrarekin lotzen duena: Durango-Zornotza-Gernika-Bermeo ardatza izan da Bizkaiko euskararen zutabea.

Zure liburuak eztabaida eragin dezake.

Orain dela hiru urte plazaratu nuen, Mitxelenari arrazoia emanez, euskalkiak Erdi Aroan sortu ziren ustea eta orduan esan nuen sorguneak hiriguneak zirela. Oraingo honetan leku bakoitzean zer sortu den zehazten ahalegindu naiz. Ez dakit eztabaidarik ekarriko ote duen ala ez, baina behinik behin, ikerkuntzaren atea zabalago gelditu da. Euskalkiak Babelekin edo antzinako leinuekin lotuta, zaila zen ezer ikertzea; errazagoa da orain.

Zergatik Erdi Aroan?

Euskalkien sorrera Erromatar Inperioa desegin ondorengo aldi batean kokatu behar da nahitaez, eta XVI. menderako euskalkiak baziren.

Hortaz, Antzinaroan euskaldunek modu batu batean hitz egiten zuten?

Hizkuntzetan beti daude dialektoak, baina garai batzuetan berdintzeko joerak egoten dira eta besteetan, aldiz, bereiztekoak. Mitxelenak esaten du erromatarren Inperioarekin garai zailak izan zirela Euskal Herrian eta kanpoko erasoei aurre egiteko beharrarekin euskaldunen arteko batasuna sendotu egin zela. Hori horrela izan baldin bazen, euskara ere batu eta berdindu egingo zen ziurrenik.

Eta orduan, zerk ekarri zuen euskara apurtzea eta euskalkiak sortzea?

Agian Nafarroako Erresuma desegiteak eta euskaldunen batasuna hausteak. Nafarroako Erresuma zatitu zenean, asko gaiztotu ziren Gipuzkoak eta Arabak Nafarroarekin zituzten harremanak eta horrek hizkuntzan ere izango zuen eragina. Bestalde, Lapurdi eta Zuberoa bereziki, Hegoaldeko herrialdeetatik urrundu eta Frantziara begira jarri ziren. Hizkuntzan XVI. menderako oso argi ikusten dira lau eremu. Alde batetik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa agertzen dira alde batean, eta Nafarroa eta Ipar Euskal Herria, bestean. Bestetik, Ipar Euskal Herria eta Hego Euskal Herria ere banatuta agertzen dira.

Euskalkien sorrera leinu eta elizbarrutiekin lotzen duten teoriek, orduan, ez dute zure ustez baliorik?

Teoria horrek gertakari bakarra dauka bere alde. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoako Deba ibarrean antzeko euskara egiten dela. Esaten da karistiarren leinua egon zela alderdi horretan, eta Elizak Calahorrako elizbarrutian bildu zuen eremu hori. Baina gertakari hori alde batera utzita, gainerako lekuetan ez dago kidetasunik.

Liburuaren beste atal bat euskaldunek euskalkiei begira izan dituzten jarreren gainekoa da.

Historian zehar hiru jarrera egon dira euskalkien inguruan. XVIII. mendera arte, euskalkiak idazleentzat komunikatzeko oztopoa ziren. XVIII. mendean Larramendik euskalkiak aberastasuna ziren mezua zabaldu zuen. Altxor bat zirela eta denak landu behar zirela esan zuen. Harrezkero, moteldu egin zen euskara batua egiteko gogoa eta euskalkien arteko aldeak handituz joan ziren. Gero, XX. mendearen erdialdera, Bilboko zenbait lagunek gaur egungo euskalkiak ustelduta eta alferrik galduta zeudela esan zuten eta euskara ona eta aberatsa Lapurdin XVI. eta XVII. mendeetan egiten zena zela. Gauza horiek erakusteaz batera, etorkizunera begira proposamen batzuk egin ditut arazoa konpontze aldera.

Horren harira, eta Arabako kasua adibidetzat hartuta, ikastoletan bertako euskalkia aintzakotzat hartu behar litzatekeela uste duzu?

Neurri batean bai. Jakina, ezin dugu Araban antzina egiten zen euskara berriro berpiztu, baina Araban aspaldi esaten ziren gauzak eta gaur egun Bizkaian eta Gipuzkoan bizirik daudenak badira kontuan hartzekoak. Nik uste dut antzina egin zen bidea alderantziz ibili behar dela orain. Antzina Arabako euskara Bizkaira, Deba ibarrera eta Goierrira zabaldu zen. Orain Arabak berak leku horietatik elikatu beharko luke.

Liburua gaztelaniaz argitaratu duzu. Zein da erabaki horren zergatia?

Euskalkien jatorria mundu osoari interesatzen zaio, ez bakarrik euskaldunoi. Bestalde, Euskal Herrian bertan hiru milioi bizilagun gara eta horietatik 860.000 inguru gara euskaldunak. Garbi dago euskaldunok euskaraz egin behar dugula, baina noizean behin erdaraz ere eman dugu geure berri kanpokoek ezagutu gaitzaten eta guk egiten eta ikertzen duguna jakin dezaten. Ondo legoke, esate baterako, Euskal Herriko zenbait egitasmo handi kanpokoei erakustea: bertsolaritza, ikastola, euskara batua, kooperatibak, sukaldaritza... Gehienetan atzerritarrak izan ohi dira Euskal Herria nolakoa den kontatzen dutenak. Haien ikuspegia interesantea da, baina gurea ere bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo