«Igande odoltsua», ezin zurituzko sarraskia
Duela 38 urte «Igande odoltsuan» gertatutakoaren gaineko ikerketa batzordearen txostena aurkeztu zuen atzo David Cameron lehen ministro britainiarrak Parlamentuan. Txostena argia da, horregatik Cameron erabat «atsekabetuta» agertu zen 1972ko urtarrilean Armada britainiarra errepublikanoen manifestazio baten aurka oldartu eta 14 hildako eta hainbat zauritu eragin zituen sarraskiagatik.
Hogeita hemezortzi urte joan dira britainiar soldaduen sarraskiaz geroztik, eta urte horietan mespretxua eta bidegabekeria baino ez dute jasan Derryn hildakoen senideek. Sarraski bidegabea -lehen ministro britainiarrak berak aitortu zuen bezala- ez zen diktadura bateko gobernu baten agintaritzaren pean gertatu, «gobernu demokratiko» baten pean baizik. Ikerketaren emaitzaren ondorioz, epaileak zenbait soldaduri hilketak nahita egitea egotziko die. Cameronek Parlamentuan aitortu zuenez, sarraskiaren erantzukizuna Gobernu harexena izan zen eta, halaber, «Igande odoltsuan» gertatutakoa ezin zurituzkoa dela esan zuen.
Horrelako aitorpenak gatazkak konpontzeko bidean daudela gertatzen dira, eta beharrezkoak ez ezik, lagungarriak ere badira. Gatazka betean egiten direnean, ordea, joko politikoaren parte dira, alde batekoak eta «Igande odoltsuko» biktimek 38 urtean jasan dutena bezain bidegabeak.