GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gipuzkoa Zero Zabor sortu da errauste plantari aurre egiteko

Usurbilgo Atez Ate Dudipe! bilguneak, beste jarraipen batzordeez eta herri mugimenduez lagunduta, Gipuzkoa Zero Zabor mugimendua sortu du. Talde berri honek, Gipuzkoan erraustegirik behar ez dela frogatzeko, errauste plantaren lanak atzeratu ditzaten eskatzeko igandean izango den mobilizazioarekin bat egin du. Atez atekoari aukera bat ematea nahi dute.

p016_f01_148x108.jpg

Nagore BELASTEGI

Ainhoa Arrospidek, Usurbilgo Atez Ate Dudipe! bilguneko kideak, gizarte mugimendu berria aurkeztu zuen atzo Gipuzkoako Aldundiaren aurrean. Mugimendua Aldundiak eta Donostiako Udalak Zubietan eraiki nahi duten errauste plantaren kontra egiteko sortu da. «Zubietan errauste planta toxiko bat eraiki nahi dute, gure birikak aire pozoitsuz bete nahi dizkigute eta hori onartezina da», esan zuen Ainhoa Arrospidek.

Donostian eman zuten prentsaurrekoan Gipuzkoa Zero Zabor ekimeneko kideek adierazi zuten Gipuzkoa garbi eta osasuntsu batean bizi nahi dutela eta orain arte hondakinen kudeaketa oso txarra egin denez, zabortegi «handi eta kutsakorrak» bultzatu direla eta orain errauste plantak bultzatzen dituztela. Arrospidek esan zuen Gipuzkoa Zero Zabor-ek ez duela ez bata ez bestea nahi, ez direlako konponbide.

Alde horretatik, Ainhoa Arrospidek errausketak lehengaiak erretzen dituela eta horrek ez duela zentzurik esan zuen, «aberastasuna erretzea» baita. Krisi ekonomikoan izanik, ia 500 milioi euro xahutzea izugarrizko diru xahutzea da, ekimen berriko kideen hitzetan; are gehiago «ura, airea, lurra eta gorputza dioxinaz eta furanoz betetzen dituen toxikoa eta arriskutsua den proiektu bat eraikitzeko bada». Mugimendu berriaren ustez, errauste planta sustatzea gipuzkoarrei minbizia ekarriko dien proiektua sustatzea da.

Gipuzkoa Zero Zabor-eko kideak baikor agertzen dira etorkizunari begira eta ziur daude gipuzkoarrek Zubietako errauste planta eraikitzeko proiektua geldituko dutela. Horren harira, hainbat herritan taldeak antolatzen hasi direla eta Zero Zabor taldean nahi duenak parte har dezakeela argitu zuten. Arrospidek erraustegiari jatekoa kenduko diotela eta proiektuak porrot egingo duela esan zuen.

Luzamendua

Gipuzkoa Zero Zaborreko kideek eskatzen dutena sei urteko luzamendua da, Zubietako proiektua beharrezkoa ez dela frogatu ahal izateko. «Beste Gipuzkoa bat posible» dela esan zuen Arrospidek, egun 37.000 gipuzkoarrek atez ateko bilketa egiten dutelako eta laster gehiago izango direlako. Gizarte mugimenduak programa bat ezarri nahi du Gipuzkoa osoan zabaltzeko.

Programa horrek, hondakinen atez ateko gaikako bilketa eraginkorra egiteko, birziklatzea bultzatzeko, konpostajea sustatzeko eta egun birziklaezinak diren materialak produkziotik kentzeko edota birziklagarriak egiteko ikerketak bultzatzeko balioko duela uste dute Gipuzkoa Zero Zaborreko kideek.

Luzamendu hori eskatzeko, gipuzkoar guztiei, «seme-alaben etorkizuna zaindu nahi duten gurasoei, bestelako Gipuzkoa nahi duten gazte guztiei» dei egiten diete mugimendu berrikoek datorren ekainaren 20an, 12.00etan, Donostian egingo duten manifestaldira joateko, ziur daudelako herritarrek errauste planta geldituko dutela.

Donostiako ezker abertzaleak atzeratzearekin bat egin du

Donostiako ezker abertzaleak igandean errauste plantaren atzeratzea eskatzeko eta atez ateko bilketari aukera bat emateko igandean egingo den manifestazioan parte hartuko duela esan du. Hala, Gipuzkoako eragile sozial, sindikal eta politiko askok Usurbilgo Itunean adierazi zutenarekin bat egin du. Bide batez, Donostiako Udalari «entzungor eta inposaketa politika» alde batera uzteko eskatu dio ezker abertzaleak. Horrez gain, adierazi dute Donostiako Alde Zaharrean aspalditik erabiltzen dela atez ateko sistema, nahiz eta gaikako bilketa ez den egiten, eta, beraz, guztiz bideragarria dela. Azkenik, donostiar guztiak igandean Bulebarretik aterako den mobilizazioan parte hartzera gonbidatu ditu. N.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo