Gay Pride taldeko kideak Baionako gotzainarekin elkartu ziren atzo
Idoia ERASO | BAIONA
Biarritzeko Gay Pride martxa hurbiltzen ari den honetan homosexualen elkarteko kideak Baionako apezpikuarekin bildu ziren atzo. Gay Pride Ligako ordezkariak Baionako apezpikuaren egoitzan izan ziren eta «oso harrera ona» izan zutela adierazi zuten. Martxa heldu den larunbatean eginen da eta bilkura honekin Ligako kideek joan den urtean izan ziren polemika eta probokazioa saihestu nahi izan dituzte.
Iaz Marc Aillet apezpikuak publiko egin zuen komunikatuan homosexualen kontrako hitz gogorrak izan zituen. Horren ordez, Ligako kideek ideien trukea eta elkarrizketa zuzena gailendu nahi izan dituzte. Urtean zehar beste bilkura bat egitea ere hitzartu dute.
Gai ugari jorratu zituzten bilkuran. Apezpikuak diskriminazio guztien aurkako borrokaren zilegitasuna onartu zuen, homofobiaren kontrakoa barne. Ezkontzari buruz ere mintzatu ziren. «Ezkontzeko nahia onargarria dela erran digu gotzainak, nahiz eta Elizak hitz hori ez duen onartzen ahal homosexualen elkarteentzat», adierazi du LGPeko bozeramaile Christophe Stephanyk.
Gai zailena guraso homosexualena izan zen, Ailletek ez baitu onartzen ahal.