GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

MUNDUKO kopa H Multzoa

Azken faboritoaren txanda

Espainiako selekzioa Mundu Kopan estreinatuko da Suitzaren aurka. Javi Martinez eta Llorente ez dira hamaikakoan izango. Bravok, berriz, Txilerekin jokatuko du.

p037_f02_111x111.jpg

Amaia U. LASAGABASTER

H multzoa lehian hasiko da gaur, Munduko Koparen lehen jardunaldiari amaiera emanez eta estreinatzear dagoen azken faboritoa ikusteko aukera eskainiz. Askoren ustetan, orain dela bi urte Austrian lortutako arrakasta errepikatzeko gai den Espainiako selekzioak bideari ekingo dio, horrela, Suitzaren aurka (16.00; C+, Tele5).

Aurreko hiru puntuak lortzeko, behintzat, arazorik ez luke izan beharko Vicente del Bosqueren taldeak, gaurko aurkaria nolabaiteko erraztasunez sailkatu bazen ere. Ottmar Hitzfeldek berak ere argi dauka zein zaila duen erronka eta arazo fisikoak dituzten jokalarietako bi, Valon Behrami eta Alexander Frei golegilea -taldeko jokalari garrantzitsuenetakoak-, gordetzea erabaki du, ondorengo partidetan fasea gainditzeko behar dituen puntuak lortzea errazagoa suertatuko zaion esperantzaz.

Zuhurtziari ekingo dio Del Bosquek ere eta, azken lan saioak egin ahal izan dituen arren, Andres Iniesta ere ez du hasierako hamaikakoan, ez eta Javi Martinez eta Fernando Llorente ere, zuri-gorriek partidan zehar estreinatzeko aukera izan dezaketen arren.

Beste «euskaldun» bat ikusteko aukera izango da, Claudio Bravok Txileren atea defendatuko baitu. Kasu honetan ere, teoriari jarraituz, lehiakide baten nagusitasuna argia da: Txilek ez luke arazo gehiegi izan behar Honduras gainditzeko (13.30, C+Liga).

Arazo fisikoak, baina, Marcelo Bielsaren taldea ahuldu dezakete. Realeko atezaina guztiz sendatuta dago, baina ez da Humberto Suazoren kasua. Millar, Valdivia eta Mark Gonzalez ere ez daude sasoi betean. Honduras, bestalde, David Suazoren eta Palaciosen bilakaeraren zain dago.

Hegoafrika-Uruguai

Lehen jardunaldia amaitu, eta bigarrena hasiko da A multzoko taldeen eskutik. Hegoafrika eta Uruguai (20.30, C+Liga) arituko dira aurrez aurre, lehen garaipenaren bila.

Aurreko partida biak berdinduta amaitu ondoren, garaipenek balio bikoitza izan dezakete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo