GARA > Idatzia > Kultura

Ipuinak helduentzat ere badirelako, literatura antologia bat aurkeztu du Iban Zalduak

p042_f01_97x92.jpg

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Orain hogei urte hasi zen Iban Zaldua euskal idazle eta historialaria literatura munduan eta iraganari egindako begirada baten ondoren, antologia bat sortzea bururatu zitzaion lehengo urtean: «Ipuinak-antologia bat». Erein argitaletxearekin poltsiko-liburu gisa atera du.

Bertan bi hamarkada hauetan argitaraturiko liburuetako ipuin batzuk jaso ditu, bai gaztelaniaz egindakoak euskarara itzuliaz, baita euskaraz idatzitakoak ere, baina egunkari eta aldizkarietan agertutakoak alde batean gelditu dira. Nahiz eta bilduma honen sortzaile izan, aukeraketa honetatik kanpo geratu den lan bakarra «20 cuentos cortitos»(1989) izan da, baina arrazoia ez da txarrak iruditzen zaizkiola, «neure burua gehiegi gogorarazten didate», eta hori da bere lanetan onartzen ez duen arrazoietako bat.

Edizio txiki honetan argitaratu izanak badu arrazoia. Izan ere, Zalduak azaldu zuenez, produktu mota horiei esker bihurtu zen bera irakurle. Bere ustez, ohiko azal gogorrekoak garestiak dira eta horrek ez du gehiegi laguntzen. Gainera, bat erosi ondoren eta irakurtzeaz amaitzean, irakurleari txarra irudituko balitzaio, patrika-liburua izanik, «ez luke gehiegi sufrituko prezioa ordaindu ondoren».

Musika munduan egiten diren antologien antzera, hiru bonus track ditu bilduma honek. Batetik, Ur Apalategi idazlearen hitzaurrea eskaintzen du ipuinetara iritsi baino lehen, eta bertan, antologia honi buruz hitz egiten du. Bestetik, «ipuingintzaren dodekalogoa» azaltzen du amaieran, idazle lanetarako laguntza bezala. Eta, azkenik, atzeko azalean 33 lerroko mikroipuin bat agertzen da, ohikoak diren testuak baztertuz, hauek ez baitira Zalduaren gustukoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo