GARA > Idatzia > Ekonomia

Arabako eraikuntzako langileei irregulartasunak sala ditzaten eskatu diete

CCOOk, UGTk eta LABek eraikuntza sektorean eskubide zapalketa larria gertatzen ari dela salatu dute. «Sektoreko langileen duintasunaren alde» kanpaina abiaraziko dute eta Arabako obretara bisitak egingo dituzte.

p027_f01_148x136.jpg

GARA | GASTEIZ

CCOO, UGT eta LAB sindikatuek Arabako obrak bisitatuko dituzte eraikuntzako langileei sektore horretan gertatzen ari diren «eskubide zapalketa larriak» sala ditzaten eskatzeko. Hiru sindikatuotako ordezkariek prentsa agerraldia eskaini zuten atzo Gasteizen sektore honetako langileen -etorkinak asko- gutxieneko eskubideak ez direla betetzen salatzeko.

FECOMA-CCOOko arduradun Juan Luis Españak Efe agentziari azaldu zionez, Araban eraikuntza lanetan dabiltzan azpikontrataturiko enpresa askok orduko sei edo zazpi euro ordaintzen dizkiete langileei eta ez dute ez oporrik, ez aparteko ordainsaririk, ez eta kalte-ordainik ere. Herrialde horretan gizarte-segurantzan eraikuntzako 8.500 langilek izena emana dutela eta 2.400, berriz, lanik gabe daudela gaineratu zuen, hortaz, langabezia tasa %24 ingurukoa dela.

40 urte atzera

«Eraikuntzan duela 30 edo 40 urte zegoen egoerara itzuli gara», salatu zuen CCOOko ordezkariak. Era berean, administrazioa irregulartasun horien erantzule ere badela nabarmendu zuen, izan ere, salatu zuenez, obra publikoak egiteko enkanteen eskaintzak gero eta merkeagoak dira. Hala, obra bat egiteko kontratatzen diren proposamen ekonomiko merke horietan langileen oinarrizko eskubideak ere ez direla betetzen kritikatu zuen Españak.

Zentzu horretan, eraikuntza sektorearen egoera larria salatzeko, datorren ekainaren 25etik aurrera «Sektoreko langileen duintasunaren alde. Defenda itzazu zure eskubideak» lelopean kanpaina hasiko dutela azaldu zuten atzoko agerraldian CCOOk, UGTk eta LABek.

Lan-eskubideak

Kanpaina honen barruan, ordezkari sindikalek Arabako hamaika obra bisitatuko dituztela iragarri zuten eta, besteak beste, bai enpresariei bai langileei lan-eskubideak errespetatzeko beharraren berri emango dietela.

Era berean, lan-eskubideen inguruko informazioa helarazteaz gain, ageriko irregulartasunak antzemanez gero, sindikatuok Lan Ikuskaritzara nahiz Fiskaltzara joko dutela ohartaraziko diete Arabako obretako arduradunei.

Iaz ere kanpaina egin zuten CCOOk, UGTk eta LABek eraikuntza sektorean. Orduan, ordutegiak luzatzearen aurka hasi ziren lanean sektoreko lanaldiak 11 eta 12 ordukoak zirela antzeman baitzuten. Oraingoan, ordea, ekimena zabaltzea erabaki dute sindikatuek eraikuntzako langileen lan baldintzak okertu egin direla egiaztatu ostean.

prekarietatea

Eraikuntza lanetarako azpikontrataturiko enpresa askok 6-7 euro ordaintzen dizkiete langileei orduko; ez dute oporrik, ez aparteko ordainsaririk, ezta kalte ordainik ere. 8.500 lagunetatik 2.400 langabezian daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo