GARA > Idatzia > Ekonomia

Donostiako Udalak azpikontrataturiko FCC-k langileen lanaldia %40 murriztu du

GARA | DONOSTIA

Donostiako Udalak eraikin publikoak garbitzeko azpikontrataturik duen enpresak, FCC-k, langileei «inolako berme legalik bete gabe» enplegua erregulatzeko «ezkutuko» txostena ezarri diela salatu zuen atzo ELA sindikatuak Donostian. Hala, lanaldia %40 murriztu dieten langileei «berehala» lehengo lanaldia ezar diezaieten exijitu zuen sindikatuak. Era berean, ez FCCk ez Udalak «murrizketaren erantzukizuna» ez dutela bere gain hartu kritikatu zuen.

ELAko Garbiketa alorreko arduradun Edurne Iriondo eta enpresa batzordeko kide Karmele Elizegik azaldu zutenez, 140 dira FCCren baitan haurtzaindegiak, haur txokoak, pasadizokoen etxeak, sorospen etxeak, kultur etxeak nahiz lehen hezkuntzako eta eskolaurreko zentro publikoak garbitzen dituzten langileak, -95 emakumeak-.

Hala nola, plantilaren erdiak baina gehiagok lanaldi partziala duela azaldu zuen Elizegik eta langile gehienek 10 hilabeteko kontratua izanik uztaila eta abuztuan langabezia kobratzen dutela.

Lan bolumena handituz gero enpresa hitzarmenak lanaldi partziala duten langileek lehentasuna dutela zehazten badu ere, FCCk eta Donostiako Udalak lanaldi partzialak handitzeari uko egin diotela salatu zuen. Zentzu honetan, lanaldi txikiagoak burutzeko emakume gehiago kontratatu dituztela kritikatu zuen eta honek «prekarietatea» dakarrela, baita egoera honek erretiroko gutxieneko pentsioa jasotzeko aukera ere ukatzen diela emakume askori.

2003. urtetik lehiaketarik ez

Iriondok berriz, azken bederatzi urtetan FCCren kontratazioan irregulartasun juridikoak aztertzeko orain gutxi Udalak egin duen azterketak «garbiketa kontratazioan eta langileen lan egoeran erabateko kontrol eza» sortu duela salatu zuen.

Era berean, FCCren kontratua 2003. urtean amaitu bazen ere oraindik udal zerbitzu hau esleitzeko ez dela lehiaketa publikorik egin azaldu zuen ELAko ordezkariak, eta hala ere, FCCk enpresa kontzesionarioa izaten jarraitzen duela.

Egoera hau salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo langileek Donostiako Udalaren atarian eta udalak gatazka hau konpontzen ez badu ekintza berriak antolatuko dituztela iragarri zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo