GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Osamaren bila ala litioaren bila?

Zergatik borrokatu ziren hamar urtez hain bortizki Sobiet Batasunak eta «Mendebaldeak» Afganistanen? Zertarako sortzen eta gobernatzen ditu Pakistanek talibanak?

Errepikaren errepikaz jatorrizko esanahia ia erabat antzutua duen esakune horietako bat da. Arabiar etorkikoa bailitzan berresaten da gure artean, ingurumen kultural horren «berezkotasunaren» agerkari delakoan batzuetan: «Eser zaitez zeure etxe atarian eta ikusiko duzu nola daramaten zure etsaiaren hilotza». Atsotitza, hala ere, Txina aldean sortua izan behar du, beste asko bezala, ñabardura ezberdin samarrekin: «Jar zaitez patxadaz ibai ertzean, eta ikusiko duzu uholdeak nola daraman zure etsaiaren gorpua ere». Adierazkorragoa, ezta? Mariano Raxoiren programa politikoaren sintesi hoberik ezagutzen al duzue?

Pazientzia, ezinbestekoa denean batez ere, goraltxatzera datorren aburu zahar horixe bururatu zitzaidan, nola ez, pasa den igandean «The New York Times» egunkariak argitaratzen zuena ikusi nuenean. «Hara non doan egiaren hilotza!», pentsatu nuen neure artean. «Ameriketako Estatu Batuek aberastasun mineral ikusgarriak aurkitu dituzte Afganistanen», zioen izenburuak. Ghazni probintzia ospelean oraintsu kausitu omen dituzten litio, niobio, burdin, kobalto, kobre edota urre meatoki oparoen berri ematen zuen jarraian, egunkariak eskura omen duten Pentagonoaren ikerketa geologiko batek aditzera ematen duenez. Afganistan munduko burdin edota kobre ekoizle nagusienetako bat bilakatzeko adina eta, Boliviaz gaindi, litio preziatuaren hornitzaile nagusi izatea zilegituko liokeena. Milioi bat milioi dolarreko pagotxa, nonbait. Ondorengo egunetan mundu osoko egunkarietan haizatu da albistea eta aberastasunak herrialde osoan barreiatuta daudela jakinarazi zaigu.

Egia izango da dena, ziur. «NYT»-ek egiten zuen aurkikuntzaren nondik norako «nobeleskoak» (sobietarrek «ahaztuta» utzi omen zituzten karta geologikoetatik abiatuz) irribarrea eragiten badit ere, ziur nago funtsa guztiz sinesgarria dela. Eta, esate baterako, duela bizpahiru aste gertatu den alemaniar lehendakari Horst Köhler-en dimisio bitxi hori argitzen lagun dezakeela. Albistearen sinesgarritasuna ez baizik haren zergatia da hausnartu beharrekoa. «NYT»eko kazetariak berak iragartzen zuen Obama Administrazioak une honetan duen «albiste onen premia» izugarria. Eta, lotsarik gabe, iragartzen zuen gerra(oste)aren bilakaerarako azenario ekonomiko ikusgarria izan zitekeela gatazkan diharduten astakiloentzat. Zeharbidez bakarrik adierazten zen, ordea, munduko lehengai mineralen kontsumitzaile nagusienak diren Txina eta Indiaren atarian leudekeen meatoki horien kontrolaren balio ekonomiko-politikoa...

Egia da hori dena... baina egia hila. Hilotza, zaharraren zaharrez. Noiztik ezagutzen zuten, benetan, horren guztiaren mamia gure munduko ahaltsuenek? Zergatik borrokatu ziren hamar urtez hain bortizki Sobiet Batasunak eta «Mendebaldeak» Afganistanen? Zertarako sortzen eta gobernatzen ditu Pakistanek talibanak? Zeren bila joan ziren 2001eko inbaditzaileak, Osamaren bila ala litioaren bila?

Pazientziaz uraren joanari begira ipinita, galdera zaharren erantzunak ikusten dira. Denak ikusi baino lehen hilko garela da pena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo