Bai Udalbiltzari Sareak antolatutako ekimenetan, aniztasuna nagusi
Bai Udalbiltzari Sareak deituta, joan den asteburuan izandako ekimenetan jende ugarik parte hartu du. Parte-hartzaileen aniztasuna ere nabarmendu du Sareak. Bestalde, Ezker Batuak auzia bertan behera uzteko eskatu dio Madrileko Auzitegi Nazionalari.
Nagore BELASTEGI
Roberto Lopez de Etxezarreta Pasaiako alkate ohia, Ramon Labaien Donostiako alkate jeltzale ohia, Amaia Iztueta Ordiziako hautetsia, Jasone Astibia Zubietako zinegotzia, Duñike Agirrezabala (EB) eta Ainhoa Beola (Aralar) Donostiako zinegotziak, eta Xabier Zubizarreta Arrasateko alkate ohia izan ziren atzo Bai Udalbiltzari Sareak Donostian egindako agerraldian. Bertan, igaro berri den asteburuan egindako ekimenen arrakasta nabarmendu zuten, baita elkarretaratzeetan izandako parte-hartzaileen aniztasuna ere. Izan ere, Iztuetak esandakoaren arabera, alderdi desberdinetako ordezkariak egon ziren elkarretaratzeetan, Udalbiltza bera anitza delako eta «ez delako inoren kontrako tresna, herri honen aldekoa baizik».
Hemendik aurrerakoak
Gainera, iragarri zutenez, ostiral honetan, hilaren 18an, 12.00etan elkarretaratzea egingo dute Gasteizen, eta Legebiltzarreko eta Batzar Nagusietako kide eta alderdi politikoetako ordezkariek parte hartuko dute. Astero egiten ari diren salaketa eta sostengu elkarretaratzeez gain, udaletxeetan mozioak aurkezten ari dira, eta herrietako babes taldeak ere hasi dira ekimenak gauzatzen.
Bai Udalbiltzari Sareak gogorarazi zuen epaiketak kostu ekonomiko handia duela, eta horri aurre egiteko laguntza eskatu nahi die herritarrei. Alde batetik, herrietan 10 euroko bonoak eta kamisetak daude salgai, eta bestetik, borondatezko diru laguntzak egiteko kontu korrontea jarriko dute martxan.
Bestalde, Ezker Batua-Berdeak alderdiko lehendakaritzak, Udalbiltzaren ideologia berdina ez izan arren, auziperatzearengatik eta akusazioak eskatu dituen 10 eta 23 urteetako «kartzela zigor gogorrengatik» kezkatuta dagoela adierazi zuen atzo.
Udalbiltzaren kontrako auzia bertan behera uzteko eskatu zion atzo Ezker Batua-Berdeak Madrileko Auzitegi Nazionalari, auzipetuei ez zaielako banakako deliturik egotzi.