GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Lan erreforma ez da nahikoa

Hau ez da konponbiderik gabe berez pasatu behar den zerbait. Ez da ikuspegi apokaliptiko edo historiko determinista. Hau batzuen asmoa baino ez da. Kontua da ea beste guztion asmoa gutxi batzuena onartzea ote den, ala horri aurre egitea

Krisialdiaren hasieratik behin eta berriro errepikatu digute ideia aspergarria: enpresariei lagundu behar zaiela, enpresariei emandako erraztasun guztiek langileon mesedetan direla azken batean, enpresariak baitira aberastasuna eta enplegua sortzen dutenak, enplegua dela inportanteena eta abar eta abar eta abar.

Diskurtso konpartitua izan da politikari guztien partetik, berba egin dutenen partetik, behintzat, norbaitek kontra egin izanaren falta sentitu baitugu batzuetan. Karetak honezkero ondo jausita bazeuden, orain bestelako lotsariak estaltzen dituzten prendak ere jausten ari dira. Akabo itxurakeriak, akabo enpresariak herriaren bizkarrezur moduan irudikatzearena. Horren azken adibide moduan, Azurmendi, SEAko presidentea, daukagu. Kontratazio berririk egingo ez dutelako mehatxu zuzena egin dio Gobernuari; azken batean, langileok alfer eta gaizkile aldra besterik ez garenez, enpresariei ez diegu bizitzen uzten: «muchos trabajadores que han solicitado personalmente ir al paro, para no trabajar, para cobrar los 45 días, muy triste, así el país se desmorona». Mesedez, afariko oilasko paparrak ez zitzaizkidan kontrako samatik joan oso-oso gutxigatik.

Lan erreforma ez da nahikoa. Egia da. Ez da nahikoa eta hala aldarrikatzen dute enpresari eta bankariek. Beharrezkoa da gastu soziala are gehiago murriztea, oraingoz egin dutena txikikeria hutsa baino ez da; pentsio sistemari ere ekingo diote eta erretiroa behingoz atzeratu eta saria txikituko dute; osasun sistema ere moldatu eta, Ameriketako Estatu Batuetan modura, hobe izango dugu ez gaixotzea, zubi azpian amaitu nahi ez badugu.

Egoera denon arteko hanka sartze legez saltzen diguten modura, konponbideak ere geure onerako balira legez saltzen dizkigute, hala ere. Denok barku berean, denok norabide berean, denok sakrifizioak egiten. Okerrena da ez dela sekula azaltzen «denok» horren atzean zeintzuk dauden eta zeintzuk ez.

Aurretik daukagun erreforma benetan da latza, nahiz eta Azurmendi eta Botinentzat behar den bestekoa ez izan. Ondorio larriak ekarriko dizkigu epe laburrean eta are larriagoak epe ertainera. Ez pentsa zu ikutuko ez zaituenik, denoi eragingo digu eta.

Hau hasiera baino ez da. Denarekin amaitu nahi dute. Kapitalismoa berregin behar zutela abisatu ziguten eta asmo sendoa daukate egiteko. XIX. mendeko kapitalismo basatira bueltatuko garela entzuten zaie batzuei, baina ni ez nago ados. Kapitalismoak fase hori bizi izan du honezkero, beste fase batera pasatu zen eta azken fasearen amaieran kokatuta gaude. Feudalismo berria izango dela esango nuke nik. Burutazio moduko hauek hurrengo baterako utziko ditut.

Hala ere, hau ez da konponbiderik gabe berez pasatu behar den zerbait. Ez da ikuspegi apokaliptiko edo historiko determinista. Hau batzuen asmoa baino ez da. Kontua da ea beste guztion asmoa gutxi batzuena onartzea ote den ala horri aurre egitea. Argi dago bigarrena izan beharko litzatekeela ezer onik atera nahi badugu, guretzat prestatuta daukaten esklabotza berri horretan amaitu nahi ez badugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo