GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

«Buruz buruko honetan pilotariago sentitu naiz»

p039_f02_555x555.jpg

Yves SalaberriI «Xala»

Aspeko aurrelaria

Lekuineko aurrelariak aurten beteko ditu hamar urte profesionaletan eta bere ibilbide profesionaleko unerik gozoenean da, Binakakoan txapeldun irten ondoren, Buruz Buruko finala jokatuko baitu. Ligaxka sistemak ematen dion lasaitasuna, fisikoki egin duen hobekuntza eta lehia prestatzeko denbora eduki izana jotzen ditu bakarkakoan izan duen hobekuntzaren ardatz.

Jon ORMAZABAL

Martinez de Irujo bere aurkariari ez bezala, kosta egiten da Xalari hitzak ateratzea. Izaera arras desberdinekoak dira bi finalistak eta Lekuinekoak askoz pausatuago hitz egiten duen arren, gauzak oso argi ditu lapurtarrak.

Nola iristen zara finalera?

Fisikoki puntu-puntuan nago, joko bolada onean nagoela uste dut, eskuetan inolako arazorik gabe eta finala jokatzeko prestatuta.

Sekulako txapelketa egin duzu, baina orain Martinez de Irujori aurre egin beharko diozu. Nola ikusten duzu finala?

Bera da txapela janzteko faborito garbia. Buruz buru jokatzeko dagoen pilotaririk konpletoena da, tantoak leku guztietatik sar ditzake, eta horrenbeste finaletara heldu eta horrenbeste txapela lortu baditu, zerbaitegatik da.

Gasteizen jokatzeak inori mesede egiten al dio? Gustuko al duzu?

Final hau Gasteizen jokatzea ez zait gehiegi gustatzen, batez ere neure lagunengatik, Azparrengo festak dira eta zailago izango dute etortzea. Nahiagi nuen Donostian jokatu, finala etxetik gertu jokatzeko. Iparraldeko jendea ez dago ohituta horrenbeste bidaiatu behar izatera, baina nire jarraitzaileak hemen izango dira eta bestela telebistaz jarraituko dute partida.

Ze oroitzapen dituzu 2004ko final hartaz? Zer aldatu da?

Ez dut ondo gogoratzen egun hura, tristea izan zen galdu nuelako, baina besterik ez dut buruan. Hamarna-edo joan ginen, baina gero joan egin zen markagailuan. Horixe dut buruan, giro handia zegoela eta irabazi egin zidala. Juan hobeto ezagutzen dut. Badakit ze joko egingo duen, baina horren perfektua da egiten duena, ondo dagoenean ia ezinezkoa dela aurre egitea.

Buruz buru, ordutik ez zara batere ondo ibili. Zer aldatu da?

Ez dakit. Agian, orain arte txapelketan dena partida bakarrean jokatzen zenuen eta, galduz gero, dena bukatzen zen. Azkenean oso zaila da horrela jokatzea, ligaxkarekin niretzat errazagoa da, lasaiago zaude eta ondo jartzeko denbora gehiago ematen dizu. Gainontzekoek baino denbora gehiago behar dut buruz burukoa prestatzeko.

Binakakoan, aldiz, askoz hobeto moldatu zara. Zer dela eta?

16-17 urte nituenean buruz buru jokatzea falta izan zait. Ipar Euskal Herrian adin horretan ez da jokatzen, eta ni 20-21 urterekin hasi nintzen buruz buru jokatzen. Hegoaldeko gazteak ohituago daude final bateko girora eta buruz buru jokatzera. Ni beranduago hasi nintzen.

Fisikoki ere azkenaldian hobeto zaudela dirudi.

Nik arlo hau bereziki landu behar dut, ehuneko ehunean egon behar dut partida bat irabazteko, ez daukat besteon oinarria. Gainontzekoek baino gorputz eskasagoa nuen. Asko landu behar izan dut partida oso bati eusteko eta oraindik bi edo hiru hilabete izaten ditut kosta egiten zaidala topean egotea. Oso zaila da urte guztian zehar ondo egotea eta, prestatzeko denbora badaukat, badakit gainontzekoekin egon naitekeela.

Adina ere garrantzitsua da. 30 urte dauzkat eta gorputza indartsuagoa sentitzen dut 25 nituenean baino. Burua ere zaildu dut, helduago sentitzen naiz frontoian eta txapelketa honetan pilotariago sentitu naiz. Gauza asko batu dira.

Panpi Ladutxe prestatzaile gisa utzi izanak eraginik ba al du horretan?

Panpirekin dena ikasi nuen, baina urte asko generamatzan elkarrekin. Beste era bateko prestaketa egin behar nuela erabaki genuen. Azkenean pilotari batek beste gauza batzuk egin behar ditu beti berdin ez ibiltzeko.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo