Bide militarraren aldeko apustua berretsi dute Kolonbiako hautagaiek
Kolonbian presidentetzarako hauteskundeetako bigarren itzulia izango dute igandean. Bi hautagaiek, Juan Manuel Santosek eta Antanas Mockusek, beste behin baztertu dute FARCekin negoziatzea, eta joan den igandean gauzatutakoaren moduko operazioen alde agertu dira.
GARA |
Kolonbiako presidentegaiek, Juan Manuel Santos kontserbadoreak eta Antanas Mockus berdeak, FARCek bahitutakoak askatzeko bide militarraren aldeko apustua aldarrikatu dute beste behin, eta gatibuen trukeak «egungo kalbarioa» areagotu egingo lukeela adierazi.
Caracol Television kateak antolatutako eztabaidan, Antanas Mockus Berdeen hautagaiak adierazi zuenez, gerrillarien eskuetan gatibu diren 17 polizia eta soldaduak beste «erreskate militar» baten zain geratzen dira, joan den igandean Kolonbiako Armadak askatutako lau uniformedunen erreskate-operazioari aipamen argia eginez.
«Momentu ezin hobean gaude, marra bat markatu eta berriro amorerik ez emateko. Men egiten baldin badugu, bahiketa FARCen tresna gisa nagusituko da berriro», gaineratu zuen.
Iritzi bera agertu zuen Santos U alderdi ofizialistako hautagaiak, haren ustez ez baitago erreskate militarra beste formularik, trukea «bahiketetarako pizgarria» delako.
Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrak (FARC) gatazka armatua konpontzeko irtenbide gisa proposatu zuen herrialdeko espetxeetan edo AEBetan espetxeratuta dauden gerrillariak bahitutakoen truke ematea, eta zentzu horretan, joan den apirilean ohartarazi zuten ez dutela bahitutako gehiago aske utziko trukean ezer jaso gabe.
Santos Defentsa ministroak, ordea, beti izan duen jarrerari eutsi zion eztabaidan. Adierazi zuenez, gaur egun «pentsaezina» da FARCekin «akordio humanitario» bat erdiestea, hau da, gatibu trukea egitea.
«Mockus doktorearekin bat gatoz presio militarra zentzu honetan mantendu behar dela dionean, eta gisa honetako erreskateak etorkizunean ere egin daitezkeela uste dugu», gaineratu zuen.
Aurpegiratzeak eta kritikak
Ildo horretatik, lehen itzulian esperotakoa baino askoz boto gutxiago bildu zituen Mockusi ere kritikak egin zizkion Santosek, eta 1999. eta 2002. urteen artean izan zen negoziazio prozesuan gerrillariekin elkarrizketak izateko prest agertu izana leporatu zion. Zehatzago, errebeldeekin negoziatzeko «garbitze» bat -herrialdeko gune jakin batzuen desmilitarizazioa- ahalbidetu zuela aurpegiratu zion.
«Bahiketaren bidea erabili ez eta Konstituzioa onartzen badute, hurrengo egunean bertan aztertuko dugu zelan hitz egin, hori da nire konpromisoa, baina baldintza horiek eman ezean, zurruna izango naiz oso», argitu zuen Mockusek.
Datorren abuztuaren 7an, kargua hartzeko egunean, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidente bilakatuz gero, Kongresuaren %80ren babesa izango du, Alvaro Uribek lortu zuena baino sostengu handiagoarekin.
Igandean egingo dituzten hauteskundeei begira kaleratutako inkesten arabera, Juan Manuel Santos ofizialistak %67ko abantaila dauka, Antanas Mockus lehiakideari iragarri dioten %27ren aurrean.